Eibar-Azitain arteko pasealekua berdegune bihurtzeko lanak udazkenean hasiko dira
Eibar-Azitain arteko trenbidearen gaineko pasealekua berdegunez hornitzeko lanak udazkenean hasiko dira. Eusko Jaurlaritzako Mugikortasun Jasangarrirako Sailak, ETS Euskal Trenbide Sarearen bidez, 'Aguas y Jardines 'enpresari esleitu dizkio lanak, 620.624 euroan. Lanek bost hilabeteko epea izango dute.
Estaziño-Azitain pasealekuak kilometro bat baino gehiago ditu eta hamar metro inguruko zabalera, batez beste. Joan den apirilaren 1ean zabaldu zuten herritarrentzat, eta hainbat eskailera eta hiru igogailu ditu.
Oharrean azaldu dutenez, pasealekuan gramineoak, landare bizikorrak eta zuhaixkak landatuko dituzte, haren azpiko egituraren ezaugarriak kontuan hartuta. Zuhaixkek bi metro inguruko altuera izango dute, eta landare bizikorrek metro bat baino gutxiago. Gainera, berdegune berriek ureztatze-sistema automatikoa izango dute.
Proiektuaren helburuen artean dago Eibarren berdegune gehiago sortzea eta biodibertsitatea handitzea. Udalak eta Jaurlaritzak azaldu dutenez, diseinua klima-aldaketaren eta larrialdi klimatikoaren egoera kontuan hartuta egin dute.
Hirugarren proiektua Eibarren
Eibar-Azitain arteko pasealekua Next Generation EU funtsen bidez finantzatu dute, Espainiako Gobernuaren Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoaren barruan. ETSk eta Eibarko Udalak finantzatzen dute proiektua.
Ez da Eibarren trenbidearen gainean espazio publikoa sortzeko lehen proiektua. 2011n Ardantzako geltokia eta trenbidearen zati bat estali zituzten, 200 metro inguruko luzeran eta 2.258 metro koadroko azaleran. Lau urte geroago, 2015ean, Amaña-Ardantza tartea ireki zuten herritarrentzat; 650 metroko luzera eta 8.500 metro koadroko azalera ditu.
Jon Iraola Eibarko alkateak nabarmendu duenez, lan hauekin beste urrats bat emango dute Estaziño-Azitain pasealekuaren ingurua eraldatzeko. Bere esanetan, pasealekuak 1.000 metro baino gehiago ditu, eta orain espazio hori berdegune bihurtuko dute.