Eibar definitzeko berba lehiaketa antolatu dute
Eibarko euskaltegi biek, Udal Euskaltegiak eta AEK-ek, Udalaren lankidetzaz Eibarko herria aproposen definitzen duen berba aukeratzeko lehiaketa antolatu dute. Parte hartu nahi duenak Eibarko herria aproposen definitzen duen berba aukeratu eta euskaltegi bietako batera zuzenean joanda, zein posta elektronikoz, euskaltegiaeibar@telefonica.net edo eibar@aek.org helbidera bidalita aurkeztu beharko du. Berbak aurkezteko epea otsailaren 20an amaituko da. Lehiaketara aurkeztutako berbak www.eibarko-euskara.com webgunean botoa emateko moduan ipiniko dituzte, otsailaren 23tik martxoaren 2ra bitartean eta saria ematerako orduan, epaimahaiaren erabakia eta jasotako boto-kopurua hartuko dituzte kontuan. Sari bi emango dituzte: irabazlearentzat Coliseoko emanaldi baterako sarrera bi (antzerki jardunaldietakoak salbu), Armagintza Museorako sarrera bi, Kalamuako Parlamentua jokoa eta Gotzon Iparragirreren "Eibar Oasi liberala" liburua eta zozketa bidez ateratzen denarentzat, berriz, Kalamuako Parlamentua jokoa eta Gotzon Iparragirreren "Eibar Oasi liberala" liburua. Antolatzaileek, ideia modura, www.eibarko-euskara.com gunean, Eibarko euskararen hiztegian berba asko aukeran daudela gogora ekarri nahi izan dute.
Bestalde, gogoratu gaur ate irekiak ospatzen dihardutela euskaltegi bietan eta, beraz, 21.00ak arte nahi duenak bertara joan eta klaseak bertatik bertara ezagutzeko aukera izango duela. Udal Euskaltegia Portalea eraikinean dago eta AEK, berriz, Sostoatarren kalean.