Eibar erreferente turistiko jasangarria izatea helburu duen udal-estrategia aurkeztu dute

Gaur eman dute ezagutzera dute turismorako udal-estrategia berriztua Jon Iraola alkateak eta Vanesa Hortas Ekonomia Garapen, Enplegu eta Berrikuntza zinegotziak.
Eibar erreferente turistiko jasangarria izatea helburu duen udal-estrategia aurkeztu dute
2025/04/08 18:39
eta kitto!

Euskadiko, Gipuzkoako eta Debabarreneko plan estrategikoekin lerrokatuta, 2024. urtean zehar garatu dute, baina emaitzak ikusteko itxaron egin beharko dugula aurreratu dute, asmoa 2025-2028 bitartean burutzea da eta. Hondartza eta eguzkia baino zerbait gehiago nahi duten bisitariak gurera erakartzea nahi du Udalak, eta hori lortzeko lanean aritu dira, gaur ezagutzera eman duten turismo-estrategia osatu arte. Adierazi dutenez, “eskaintza lau ardatz nagusiren inguruan egituratuta egongo da:  industria; kirola; artea-kultura-historia; eta natura. Eibar turismo identitarioaren erreferente izatea da helburua, eredu jasangarri, integratzaile eta lehiakor batekin”.

Alkatearen berbetan, “merezi du Eibarko historia kontatzea eta bizitzea. Gure herrian ez da beharrezkoa errelato turistiko bat asmatzea: badauka bat, eta indartsua, benetakoa, eta eraldatzailea da. Proposamen honekin, pauso erabakigarri bat emango dugu, munduari zer garen erakusteko:  nortasun handiko hiri bat, balioak dituena, berrikuntzaren aldeko apustua egiten duena, eta konprometituta dagoena bere jendearekin eta inguruarekin”.

Proposamenak alderdi kulturalak, sozialak, urbanistikoak eta kirol- eta berdintasun-arlokoak uztartzen ditu, “hazkunde ekonomikoaz gain, herritarren bizi-kalitatea hobetuko duen turismo mota bat sustatzeko”. Adierazi dutenez, hiria dinamizatzearekin batera, Eibar  Euskadi mailan turismo industrialaren erreferente gisa kokatu nahi dute. Horrela, Eibarko industria-ondarea esperientzia turistiko bereizgarri baten ardatz nagusia izango dela aurreratu dute: “Industria-arkitekturaren ibilbidetik hasita (bisita gidatuekin) gaur egun martxan dauden tailerretaraino, hiria museo bizi bat izango da”.

 

Industria, herriaren arima

Vanesa Hortas Ekonomia Garapen, Enplegu eta Berrikuntza zinegotziak esan duenez, “Eibarko herriaren arima industrian dago. Bisitariek lana nola egiten den sentitzea nahi dugu. Horregatik, esperientzia bizien aldeko apustua egin dugu: teknologia, tailerrak, ibilbideak, eta aplikazio digital bat”.

Prozesu honetan Eibarko Armagintzaren Museoa “giltzarria” izango dela nabarmendu dute, eta etorkizunean Museoa handitzeko lanean hasita daudela, “nahiz eta horrelako proiektuak ezin diren egun batetik bestera martxan ipini”.

Beste zutabeetako bat Eibarko kirol-tradizioari lotuta dago: “Astelena pilotalekua, Ipuruako foball zelaia, Itzulia Basque Country, Arrateko Igoera… Txirrindularitzari lotutako jarduerak, tiro olinpikoa, edo beste ekitaldi batzuk tarteko, Eibarko kirolari eta sektoreari lotutako industriari balioa ematea izango da helburua”.

Turismo-estrategia honek gure herriaren historia eta kultura ere hartzen ditu kontuan: “Hauxek dira iraganaren, orainaren eta etorkizunaren ikuspegi konektatu honetan txertatzen diren baliabideetako batzuk: udaletxea —Bigarren Errepublikaren aldarrikapenaren ikurra—, jauregi historikoak, eraikin erlijiosoen sarea, Gerra Zibilaren Frontearen Interpretazio Zentroa edo Coliseo antzokia”.

Iraolaren berbetan, “Eibarko historia ez da gure historia soilik, herri honen historiaren parte da. Protagonistak izan ginen une erabakigarrietan, eta horixe da partekatu nahi duguna bisitariekin. Oroimen demokratikoaren proposamen kulturalak, halaber, gure identitate kolektiboa indartzea du xede”.

Eta orain arte esandako guzti honekin batera, gure herriak ingurune naturalarekin duen lotura indartu nahi dute, “garapen turistikorako eta herritarren ongizaterako zutabe gisa. Otaola aldean, ibaiaren inguruko jarduketak proposatzen dira, bidezidorrak egokitzea Arraterantz edo Elgeta alderantz, sarbideak hobetzea, eta seinaleak jartzea Pagaegikorta aldean edo Gerra Zibilaren Interpretazio Zentroaren inguruan”.