Eibar Eskubaloi taldeko gizonezkoek garaipena lortu dute Tarazonan
Eibar Eskubaloiko senior taldeek asteburu lehiatua izan dute. Lehen Nazionaleko gizonezkoen taldeak garaipen garrantzitsua eskuratu zuen Tarazonan, 28-32 irabazita. Partida serioa jokatu zuten eibartarrek, eta une erabakigarrietan kontrolari eutsi zioten, etxetik kanpo lehiatzeko gaitasuna erakutsiz. Garaipen horrekin, eibartarrek sailkapeneko 2. postuan jarraitzen dute, 12 punturekin, Romo liderrarekin eta Anaitasuna 3. sailkatuarekin berdinduta.
Ohorezko Zilarrezko Mailako emakumezkoen taldea, berriz, garaipenetik gertu geratu zen Donostian. Bera Beraren aurka 23-22 galdu zuten, berdintasun handiko neurketan. Eibartarrek puntuak lortzeko aukerak izan zituzten, eta azken unera arte nortasuna eta lehiakortasuna erakutsi zituzten. Gauzak horrela, eibartarrek ez dute azken postuetatik alde egin, atzetik beste hiru talde dituen arren.
