Eibar Eskubaloiak ilusioz eta kamiseta berriarekin ekingo dio denboraldiari
Prentsaurrekoan Andoni Perez eta Fernando Fernandez egon dira, emakumezkoen eta gizonezkoen taldeen arduradunak hurrenez hurren. Biek aipatu dute lehen taldeek aurredenboraldia sentsazio onekin burutu dutela, lesio larririk gabe, eta ilusioz ekiten diote denboraldi berriari.
Emakumezkoen taldea
Perezek denboraldia ondo hastea espero du, “taldea hain gaztea izanik, urduritasunak atzean lagatzeko”, bere berbetan. Iaz azken jardunaldian lortu zuten mailari eustea eta aurten helburua lehenago lortzea espero du. Gainera, taldekide guztiak eibartarrak izatea nabarmendu du, “lorpen handia baita herriko jokalariekin Nazional mailara iristea”, aipatu duenez.
Gizonezkoen taldea
Fernandezen mutilek, bestalde, dagoeneko jokatu dituzte partidu ofizialak, Kopakoa hain zuzen ere. “Kopa ez da gure helburua, forma hartzeko erabili nahi genuen, baina multzoko lehen postuan amaitu dugu eta hurrengo kanporaketara pasatu gara”, esan du pozik. Horrela, aurtengo helburua mailari eustea dela aitortu arren, hori lortuz gero gora begira jartzea nahi dutela adierazi du. “Baja garrantzitsuak izan ditugu, baina bigarren taldeko eta Territorial mailako jokalariak hartu ditugu”, gehitu du.
Harrobia
Harrobiko taldeek aste honetan ekingo diote lehiari eta eskubaloi eskolakoak faltako dira bakarrik denboraldia hasteko Gaur egun, 300 jokalari inguru ditu Eibar Eskubaloiak eta infantil mailakoen kasua azpimarratu du Perezek. “Hogeita hamar lagunetik gora daude infantiletan. Kopuru handia da kontuan izanda herrian ditugun kirolak”, bere berbetan.