Eibar Igerixan klubak bederatzi garaipen lortu ditu Neguko Ligako bigarren jardunaldian

Jardunaldia Ipurua kiroldegian jokatu zen eta eibartarrek irudi ona eman zuten etxean
Eibar Igerixan klubak bederatzi garaipen lortu ditu Neguko Ligako bigarren jardunaldian
2026/11/03 16:11
Ekhi Belar Errasti

Eibar Igerixan klubak bederatzi garaipen eskuratu zituen Neguko Liga Probintzialaren bigarren jardunaldian. Proba larunbatean, urriaren 31n, jokatu zen Ipurua kiroldegian, eta klubak eskolarteko zein federatu mailako igerilariekin hartu zuen parte.

Eskolartekoen mailan, Ane Larrañaga hirugarren izan zen 50 metro librean eta bigarren 100 metro bizkar proban. Paul del Riok 100 metro bularreko proba irabazi zuen, eta Unax Conde bigarren izan zen distantzia horretan eta 50 metro tximeletan. Maria Rodriguezek bigarren postua lortu zuen 100 metro bularrean eta garaipena 200 metro bularrean. Gorka Castrillok, berriz, 100 metro bizkarrezkoan irabazi zuen eta bigarren izan zen 200 metro librean.

Federatu mailan, Itsaso Castrillo bigarren izan zen 400 metro estiloetan. Iker Calvok bi garaipen lortu zituen, 50 metro librean eta 100 metro estiloetan; Paula Calvok ere bi proba irabazi zituen, 50 eta 200 metro librean.

Asier Gomez hirugarren izan zen 100 metro bularrean eta bigarren 200 metro librean. Anes Abderrahamnek, berriz, garaipena lortu zuen 200 metro librean eta 50 metro tximeletan.

Jardunaldia 4x100 metro libreko emakumezkoen erreleboarekin amaitu zen. Paula Calvo, Itsaso Castrillo, Itziar Eiriz eta Izaro Onekak osatutako taldeak laugarren postua eskuratu zuen.