Eibar-L’Hospitalet: igoeraren bila

Eibar-L’Hospitalet: igoeraren bila
2013/06/21 00:00
eta kitto!

Heldu da benetako ordua. Zirt edo zart egitekoa. Alcoyano eta Oviedo kaleratu eta gero, Gaizka Garitanok zuzentzen duen taldeak, orain dela urte batzuk egin moduan, L’Hospitalet 2. A mailara igotzeko gogoarekin laga nahiko du. Horretarako, baina, ondo hastea komeni da eta, ahal bada, Ipuruan gol batzuen aldea ateratzea. Aurreko kanporaketa biak kanpoan hasi baditu ere, oraingoan etxean jokatzea dagokio gorri-urdin taldeari; hori gutxi balitz, Katalunia aldean hurrengo asteburuan jokatu beharreko itzulerako partidua zelai artifizialean jokatu beharko dute armaginek eta ohitura falta nabari dezakete.
Eskozia La Brava animatzen
Partidua hasi aurretik, eta giroa berotzeko, Eskozia La Brava peñakoek hainbat ekitaldi antolatu dituzte. Egitaraua 12.00etan hasiko da, Koskorren hasita egingo den herri-poteoarekin; 15.00etan peña guztiak (Eskozia La Bravarekin, Ibargain, Jotake, Emango Nuke eta Mandiola Laguntzaldea) Arkupe tabernan batuko dira, elkarrekin Hotel Unzaga Plazara joateko.
Bazkaldu eta gero, 18.30etan, partidua hasi baino ordu eta erdi lehenago, peña guztiak bilduko dira berriro Untzagan, Txoko tabernaren inguruan, batera zelairako bidea hartzeko. 19.15etan aurreikusi dute Ipuruara sartzea, taldea animatzen hasteko jokalariak berotzen diharduten bitartean. Partidua hasteko bost minuturen faltan tifoa (mosaikoa) egingo da taldea hartzeko.
Sarrerak agortzen
Eguazten gauerako 3.600 sarrera salduta zeuden, bazkide eta gehigarrien artean. Aukera badago ere bihar goizean ateratzeko, ez da ziurtatzen sarrerak geratuko diren, gaurtik publiko orokorrari saltzen hasiko zaiolako. Azken hauek gehienez jota bost sarrera atera ahal izango dute, prezio hauetan: helduen kasuan, 30 euro; eta umeenean, 15 euro.