Eibarko Udalak ‘Eibar Merkataritza Gune Irekia’ desegin eta haren eskumenak Debegesari eman dizkio

Eibarko Udalak ‘Eibar Merkataritza Gune Irekia’ desegin eta haren eskumenak Debegesari eman dizkio
2025/10/27 12:26
eta kitto!

Eibarko Udalak Eibar Merkataritza Gune Irekia (ECCA) desegin eta Merkataritza Laguntzako Puntua (PAC) Debegesa Debabarrenako Garapen agentzian integratu du ez delako Eusko Jaurlaritzaren dirulaguntzara aurkeztu ahal izango. 

El Diario Vasco hedabideak argitaratu du albistea. Informazio iturri horren arabera, erabaki honen bidez, ECCA-ren figura juridikoa desegingo da eta merkataritzako arreta zerbitzua Debegesaren esku egongo da. Bestalde, aurrez merkatariekin adostutako elkarlanak eta dinamizazio-kanpainak mantendu egingo dira. 

Herriko elkarte desberdinak biltzen dituen ECCA entitatea desegitea “Eusko Jaurlaritzaren dirulaguntzarik gabe zentzurik ez duen zama ekonomiko baten ondorio” dela azaldu du Udalak. Jakinarazi dutenez, aldaketa operatiboa izango da eta baliabideak eta helburuak ez dira aldatuko: “Berdin jarraituko dugu lanean: merkatari eta ostalarien elkarteei baliabideak zuzenean emanez, eta haien batzordeekin aldizkako bilerak deituz, erabaki bateratuak hartzeko eta proiektu eta jarduera kolaboratiboak diseinatzeko”.