Eibar Merkataritza Gune Irekiak 60 erosketa-txartel oparituko ditu elkarteko dendetan zerbait erosten dutenen artean

Ekainaren 26ra arte dago zozketan parte hartu eta txarteletako bat irabazteko aukera.
Eibar Merkataritza Gune Irekiak 60 erosketa-txartel oparituko ditu elkarteko dendetan zerbait erosten dutenen artean
2025/06/18 16:24
eta kitto!

Ekaineko lehen egunetan abiatu zen Eibar Merkataritza Gune Irekiaren bonu-txartelen kanpaina berria, Eibarko dendetan deskontuekin erosteko aukera eman eta, bide batez, herriko merkataritzari laguntzeko. Horren harira, kanpainarekin bat egiten duten herritarrak saritzeko ekimena abiatu dute gaur bertan: “Elkarteko dendetan erosketa eginez gero, zozketa bidez banatuko diren 60 txarteletako bat irabazi daiteke (txartel bakoitzaren balioa 50 eurokoa da). Parte hartzeko, elkarteko saltokietan zerbait erosi eta zuzenean sartuko da zozketan, eta EMGI-aren txartelarekin ordainduz gero aukera gehiago izango ditu”.
Ekainaren 26ra arte dago zozketan parte hartzeko aukera, eta zozketa ekainaren 30ean izango da. Saridunek, berriz, uztailaren 1etik 19ra bitarteko epea izango dute txartela Eibarko dendetan gastatzeko.