Eibar Modan desfilearen hirugarren edizioa egingo da maiatzaren 15ean

Eibarko Dendarien Elkarteak antolatu duen ekitaldia 20:00etan hasiko da, Errebalen.
Eibar Modan desfilearen hirugarren edizioa egingo da maiatzaren 15ean
2026/05/12 12:26
Silbia Hernandez Arrazola

Modaren, sormenaren eta bertako merkataritzaren erakusleiho bilakatuko da Errebal barixakuan (maiatzaren 15ean), Eibarko Dendarien Elkarteak, Eibarko Udalak lagunduta antolatu duen Eibar Modan desfileari esker. Antolatzaileen berbetan, “aurtengoa hirugarren edizioa izango da, eta proposamen bisualago, dinamikoago eta profesionalago batekin gatoz”. 
Iluntzean, 20:00etan hasiko den ekitaldian Eibarko 20 denda baino gehiagoren proposamenak erakutsiko dituzte: haurrentzako eta helduentzako moda, osagarriak, optika, lentzeria eta bainujantziak, besteak beste. Horrez gain, Blenda ile-apaindegiak pasarelan desfilatuko duten pertsonak orraztu eta prestatuko ditu.
Aurten, 5 eta 80 urte bitarteko 70 eibartar baino gehiagok hartuko dute parte desfilean, antolatzaileen arabera: “Hala, pasarela anitza, belaunaldi artekoa, eta herritarrengandik oso gertukoa izango da. Gaueko unerik berezienetako bat Eibar Moda Sortzen lehiaketan sortutako diseinuen aurkezpena izango da. Parte-hartzaileek euren sorkuntzak pasarelan erakutsiko dituzte, eta epaimahaiaren azken erabakia desfilean bertan emango da ezagutzera. 200 euroko hiru sari emango dira, eta talde irabazleak Alfako joskintza-lehiaketa nazionalean parte hartzeko txartela lortuko du”. Amaitzeko, Goi Argi elkarteko 14 emakumek itxiko dute desfilea, “sorpresa batekin”. Ekitaldia publikoarentzat irekia izango da, edukiera bete arte.