‘Eibar Oparitu’ txartelaren kanpaina berria hasi da, Gabonetan ere herriko dendetan erostera animatzeko
2023/12/15
16:17
eta kitto!
Martitzenaz geroztik dago martxan Eibar Oparitu txartelaren bitartez tokiko merkataritzan kontsumoa sustatzeko kanpaina berri bat, Eibar Merkataritza Gune Irekia Elkartearen eskutik, eta gaur goizean egin dute aurkezpena Vanesa Hortas Garapen Ekonomikorako zinegotziak, Jesus Maria Garcia de Cos Eusko Jaurlaritzako Turismo eta Merkataritzako sailburuordeak, Eibar Merkataritza Gune Irekiko ordezkariek eta Rural Kutxako ordezkariek. Kanpainak Udalaren eta Eusko Jaurlaritzaren laguntza dauka.
Gaur ezagutzera eman duten Eibar Oparitu txartela ekimenera atxikitutako Eibarko denda, zerbitzu eta ostalaritza establezimenduetan erosteko balio duen VISA txartel bat da, eta Gabonetako erosketak egiteko zein oparitzeko balio du. Txartela abenduaren 25era arte eros daiteke, www.erosieibarren.eus plataformaren bitartez, eta abantailak ere baditu, txartela abenduaren 25a baino lehen erosiz gero, 1.000 euroko opari-txartel baten eta 100 euroko hamar txartelen zozketan sartzen da eta. Txartelek ez dute iraungitze-datarik, eta 200 establezimendu baino gehiagotan erabili daitezke. Txartela erabili daitekeen establezimenduen zerrenda eta bestelako informazio guztia www.erosieibarren.eus webgunean kontsultatu daitezke.