Eibar Rugby Taldeak bide onetik hasi du Erreginaren Kopa
Aurreko denboraldian maila galdu ondoren, aro berria hasi dute Eibar Rugby Taldeko emakumezkoek. Historia egin ondoren, Cristina Guntinek taldearen gidaritza laga eta Javi Aguado eta Jokin Gorrotxategi izango dira entrenatzaile berriak Ohorezko B Mailan lehiatuko den taldean.
Liga urriaren amaieran hasiko dute, baina denboraldiari asteburu honetan eman diote hasiera, Erreginaren Kopako lehen partidua jokatu baitute Burgoseko Pinguinas taldearen aurka. Eta baita ondo hasi ere, 46-12 gailendu baitzitzaien zapatuan Unben jokatutako neurketan.
Nagusi hasieratik
Eibartarrak hasieratik nagusitu ziren zelai barruan eta 5. minutuan lortu zuten lehen entsegua Oihane Lopez de Ullibarriren eskutik. Jarraian etorri zen Malen Esparzaren entsegua, Lorea Marren konbertsioa eta Naia Goirirenaren entsegua. Burgoseko Laura Maestrok aldea murriztu zuen 35. minutuan, baina Oihane Lopezek berehala handitu zuen abantaila beste entsegu batekin eta bigarren zati lasaia jokatu zuten eibartarrek, aldea handituz.
Garaipen horrekin eibartarrak Erreginaren Kopako A multzoko lidergoan kokatzen dira 5 punturekin RAT Rialta (4 puntu), Getxo (puntu 1) eta Burgoseko Punguinasen (0 puntu) aurretik.
Eibar Rugby Taldeak zapatu honetan jokatuko du bigarren jardunaldia, Unben, 12:00etan, Getxoren aurka; eta hirugarren jardunaldia CRAT Rialtaren zelaian jokatuko du, urriaren 13an, 12:00etan.