Eibar Triatloi Taldea: Nekaezinen mende laurdenari jarraituz
Aipatutako bi aitzindariak jotako bidetik heldu zioten kirol modalitate honi beste batzuk eta, “bost lagun bildu eta notariara jo genuen arte”, dio Edu Oiarzunek. “Estatutuak beste elkarte batetik kopiatu eta ekin genion bideari”. Eibarkoa, gainera, lehenengoetakoa izan zen horretan, Ondarroako eta Tolosako klubekin batera.
Arrasateko JMA enpresa izan zuten lehen babesle eta mende laurden honetan beste bederatzi izan dituzte bidelagun: Orbea, Ciclos Iñigo, Turbina, Sisteco, Euki, Graficas Gamboa, Bista eder Klinika, Premier Bidaiak eta gaur egungo Delteco. “Azken horrekin lau urterako hitzarmena dugu eta pozik gaude, eurek gurekin bezala”.
“Talde irekia” osatzen dutela diote, “edozein guregana etorri eta laguntzeko prest gaude”. Horren adibide da hainbat egunetan elkarrekin entrenatzeko geratzen direla. Gaur egun 50 bat lagun daude taldean, euretako lau emakumezkoak. Gainera, kadeteetatik hasita, multi-kiroletako programan ere sartuta daude, zapatuetan prestatzen jarduteko. “Julen Teran da taldeko gazteena, 15 urterekin; eta Alberto Agirre eta Alejandro Altuna izango dira helduenak, 55 urteren bueltan”, dioskue Eibar Triatloi Taldeko ordezkariek.
Euskal Herritik kanpo ere lehiatzen dira, Espainiako hainbat probatan parte hartuz. Eta 2000. urtearen bueltan Hawaiko Ironmanean ere parte hartu zuten Iñigo Unanuek eta Ortega Agotek. “Hura da triatloiko Meka eta han egotea esperientzia berezia da, zalantzarik gabe”, dio Iñigok.
Urte osorako egutegia
Kirol modalitate horretako egutegiak, gainera, ia urte osoa hartzen du. “Neguko eta udako triatloiak ditugu, alde batetik (batean igerian egiten den bitartean, bestean eskian dihardute), eta duatloia eta akuatloia ere hor daude”. Emaitzak ez dira nolanahikoak izan eta gure herriko taldeak badu maila. Horrela, Ane Ziaran (hemendik aurrera Iruñeko Saltokirekin lehiatuko duena) Espainiako txapelduna izan da 23 urtetik azpikoenen artean; horrez gain, Ibizan jokatutako proban ,Eibar Triatloi Taldea 3. postuan sailkatu zen Espainiako txapelketan. “Eta neguko triatloian, Euskadiko txapeldunak izan gara, hor ere taldeka”. Emaitza horiei garrantzi handiagoa ematen diote Deltecoko kirolariek maila indibidualean lortutakoei baino; hala ere, ez dugu baztertuko Pello Osorok azken aldian lortutako maila (Euskadiko lehena eta Espainiako hirugarrena izan da), Edu Oiarzunek beteranoetako bere mailan onena izan dela Espainiako txapelketan eta ezta Iñigo Unanuek lortutako 2. postua beteranoen B1 mailan distantzia erdiko proban.
Lagunak gogoan
Taldearen helburua, hala ere, “parte-hartzea besterik ez da. Gero, logikoa dena, bakoitzak bere buruari ipintzen dizkionak daude, baina beti ere bide horertatik enfokatuta”. Eibar Triatloi Taldeak herriko duatloia eta umeena antolatzen ditu urtero: “Duatloiak 23. edizioa bete du dagoeneko eta baditra lau urte umeena egiten hasi ginela”. Urte hauetan taldekoak izanda gaur egun eurekin ez daudenak gogoratu nahi dituzte: “Ibon Vega, Xabier Amesti, Edu Gorrotxategi eta Andoni Arza ondo gogoan ditugu, gure partaide izan genituelako”.
Biharkoa egun handia izango da denentzat, hasi goizeko 11.30etan, umeen duatloiarekin; jarraitu 12.30etan, herri-duatloiarekin; 13.00ean jarraitu txirrindularien kriterium lasterketarekin eta, taldearen argazkia atera ondoren, Armeria Eskolan egingo duten bazkariarekin amaitzeko. Ondo pasa!