‘Eibar Villa Armera’ izeneko ihes-gela antolatu du Eibarko Dendarien Elkarteak zapaturako

Parte hartzen duten saltokietan zehar ibili beharko da, pisten atzetik. Bi onenek 300 euroko Eibar Oparitu txartela irabaziko dute.
‘Eibar Villa Armera’ izeneko ihes-gela antolatu du Eibarko Dendarien Elkarteak zapaturako
2025/03/27 11:39
eta kitto!

Eibarko Dendarien Elkarteak herri-barruko bi ihes-gela antolatu ditu zapaturako, “hiriko saltokietan zehar ibilbide ezberdinak eginez, tokiko merkataritza bultzatzeko helburuarekin”. Ekitaldia goizeko 10:00etan hasi eta 13:00ean amaituko da, Untzaga plazan. Parte hartzen dutenek bi eta bost lagun arteko taldeetan arituko dira (16 urtetik beherakoek heldu batek lagunduta joan beharko dute): Untzagatik abiatuta, pistak jarraitu beharko dituzte, ekimenarekin bat egin duten saltokietako ibilbidea bete arte. Horretarako 45 minutu izango dituzte. Bi onentzat saria egongo da: 300 euroko balioa duen Eibar Oparitu txartela, elkarteko bazkide diren dendetan gastatzeko. Sari-banaketa proba amaitu eta jarraian, 13:30ean egingo dute, Untzagan bertan.
Izen-ematea aurretik egin daiteke, Eibarko Dendarien Elkartearen Instagram kontuaren bitartez, eta saltokietan zein kalean jarritako karteletan agertzen den QR kodearen bidez. Bestela, zapatu goizean zuzenean Untzagara joan daiteke (libre dauden plaza guztiak bete arte). Hauek dira parte hartzera animatu diren dendak: Kiñu, El Tio Palancas, Askasibar, No Comment, Federoptica Igmar, Pissa, Helmet House, Kopiña, General Optica eta Burbujas y Mas.