Jon Iraola alkateak Eibarko lan-merkatuaren eta langabeziaren diagnostikoa aurkeztu du Ajuria Enean
Eibarko alkate Jon Iraolak herriko langabeziaren eta lan-merkatuaren inguruko diagnostikoa aurkeztu ditu Ajuria Enean, Gasteizen, Euskadiko Enplegu Gizarte Itunaren topaketan. Topaketa honetan administrazio ordezkariak, enpresak eta prestakuntza zentroak bildu dira esperientziak partekatzeko.
Duela astebete aurkeztu zituen diagnostikoaren nondik norakoak Udaletxean. Diagnostikoak herriko lan-eszenatokiaren ezaugarriak eta erronkak aztertzen ditu, udalerriaren egoera demografikoa, langabeen profila eta lan-merkatuaren bilakaera kontuan hartuta. Udalaren arabera, azterketa hau etorkizuneko enplegu-politikak eta garapen ekonomikorako estrategiak diseinatzeko oinarria izango da.
Prentsa ohar bidez jakinarazi dutenez, planaren bidez enplegu aukerak handitzea, talentu gaztea erakartzea, lan-merkatura sartzea eta etorkinen integrazioa bultzatzea dute helburu. Era berean, industria eta zerbitzu sektoreak indartzea eta prestakuntza eta enpresa sarearen arteko elkarlana sustatzea jasotzen du.
Vanesa Hortas Ekonomia Garapen, Enplegu eta Berrikuntza Saileko zinegotziaren arabera, planak erronka demografiko eta laboralak aukera bihurtzea du helburu, eta hori enpresa, prestakuntza zentro eta instituzioen lankidetzarekin bakarrik lortuko dela adierazi du.