Eibarko Armagintzaren Museoa zabaldu zutela 16 urte bete dira gaur
2023/01/18
15:51
eta kitto!
Gaur betetzen dira 16 urte Eibarko Armagintzaren Museoak ateak zabaldu zituela, Portaleko 5. pisuan. Gaur egun ezagutzen dugun Museoaren abiapuntua arma-bilduma izan zen: Udalak zuen arma-bilduma kalitatean zein kantitatean sendotzeko asmoz, 2007. urtean Star, Bonifacio Echeverria SA lantegiaren arma-funtsa erosi zuen, eta horrela, pieza berriekin osatu zuten udal-bilduma. Gaur egun, donazioen eta erositako armen artean, Udalak 1.000 aleko funtsa dauka. Funts horren zati bat ikusgai ipintzeko asmoz zabaldu zuten Armagintzaren Museoa 2007ko urtarrilaren 18an, armei eskainitako aretoak inauguratzearekin batera. Handik pare bat urtera Museoa handitu eta Eibarko industriari eskainitako espazio berriekin osotu zuten. Espazio berri horiek 2009ko maiatzaren 13an zabaldu zituzten.
Museoan urte osoan ikus daitekeen erakusketarekin batera, aldi baterako beste erakusketa batzuk ere antolatzen dituzte. Une honetan “Artea eta arkitektura Eibarren”, Manuel Zabala eibartarrak egindako eraikinen maketak eta “Filmetako armak. Museoaren bilduma zineman” izenekoa bisitatu daitezke. Horrekin batera, tailerrak eta bisita gidatuak ere eskaintzen dituzte, besteak beste. Erakusketa iraunkorrera egingo duten hurrengo doako bisita gidatua zapatuan, urtarrilaren 21ean izango da, 17:00etan euskaraz eta 18:30ean gaztelaniaz. Bisita gidatuetarako beharrezkoa da izena aurrez ematea, museoa@eibar.eus helbidera mezua bidalita (20 lagun onartuko dira taldeko).