Eibarko Dendarien Elkarteak eta Udalak bonu-txartelen kanpaina berria jarriko dute martxan bihar

Merkataritza eta ile­apaindegi/estetika arloetan %20ko deskontua eskainiko dute eta 09:00etatik aurrera egongo da erosteko aukera, www.erosieibarren.eus webgunean.
Eibarko Dendarien Elkarteak eta Udalak bonu-txartelen kanpaina berria jarriko dute martxan bihar
2026/06/01 17:12
Silbia Hernandez Arrazola

Eibarko Dendarien Elkarteak, Eibarko Udalarekin lankidetzan, bonu-txartelen kanpaina abiatuko du bihar (martitzena, ekainak 2). Eibarko Dendarien Elkarteari atxikitako Eibarko merkataritza eta ileapaindegi/estetika establezimenduek hartuko dute parte bertan, eta bonu-txartelek %20ko deskontuak eskainiko dituzte: kontsumitzaileek 40 euro ordainduko dituzte, baina bonuak 50 euroko gastua egiteko aukera emango die. Bonu-txartelak bihar (ekainak 2) 09:00etatik aurrera eskuratu ahal izango dira (agortu arte), www.erosieibarren.eus webgunearen bidez. Guztira 700 bonu ipiniko dituzte eskuragarri.
Eibarko Udalak sustatu du kanpaina, Eibarko Dendarien Elkartearekin eta Caja Rural de Navarrarekin lankidetzan, eta 8.000 euro bideratu ditu ekimen honetara. Ekainaren 20ra arte iraungo du kanpainak, eta erosketak ekainaren 2tik 18ra egin ahal izango dira.
Arduradunek azaldu dutenez, “txartelak non erabili daitezkeen www.erosieibarren.eus webgunean argitaratuko da. Txartelak establezimendu horietan bakarrik egongo dira aktibatuta eta, beste establezimendu batean erabiltzen saiatuz gero, ez du funtzionatuko. Azpimarratu behar da bonu kopuru jakin bat egongo dela salgai bai Eibarren bizi direnentzat, bai beste herri batzuetako biztanleentzat. Horren harira, NAN edo AIZ bakoitzeko gehienez bi bonu erosi ahal izango dira, hau da, 50 euroko balioa duen txartel bat edo bi txartel erosi ahal izango dira”.
Bonu-txartelak erosi eta bi egun igaro ondoren jaso ahal izango dira, erosketa­ ziurtagiria aurkeztuta, erosketa-prozesuan aukeratutako establezimenduetan: Estaziño kaleko Burbujas y más eta Fermin Calbeton kaleko Lakuesta optikan. Gogorarazi dutenez, txartelak erabilitako azken establezimenduan utzi beharko dira, etorkizuneko kanpainetarako birziklatu ahal izateko.