Eibarko dendetan merkeago erosteko bonu-txartelen kanpaina berria abiatu da
Gaur hasi da udazkeneko bono-txartelen kanpaina berria Eibarko Merkataritza Gune Irekiaren eskutik. Ekimenarekin bat egin duten merkataritzako, zerbitzuetako, ostalaritzako eta elikadurako 156 establezimenduk hartuko dute parte. Hiru sektoretarako (merkataritza eta zerbitzuak, elikadura eta ostalaritza) kanpaina izango da, eta bakoitzerako txartel-bonu bereiziak atera dituzte. Bonuek %20 eta %30 arteko deskontuak eskaintzen dituzte, eta kanpainak abenduaren 5era arte iraungo du. Bono-txartelen salmenta gaur goizean, 10:00etan hasi da, eta Internet bidez erosi beharko dira nahitaez, www.erosieibarren.eus helbidean. Kanpaina honetarako 4.850 bonu jaulki dituzte guztira. Kanpaina Eibarko Udalak bultzatu eta diruz lagundu du, 75.000 eurorekin, eta Eibar Merkataritza Gune Irekiarekin eta Nafarroako Rural Kutxarekin lankidetzan antolatu da.