Eibarko ekialdea hobetzeko 30 milioi eurotik gorako inbertsioa egingo dute datozen hiru urteetan
Hauek dira egingo diren proiektu nabarmenenak: Estaziño eta Azitain arteko oinezkoentzako pasealekua sortzea, trenbidea estaliz; Rafael Lapeyra industria-eraikin zaharrean etxebizitza babestuak eraikitzea; Hijos de Gabilondo enpresa zaharraren instalazioak birgaitzea; eta Murrategi auzoa goitik behera berritzea.
Proiektuak aurrera eramateko, Udalak Eusko Jaurlaritzaren, Gobernu zentralaren eta Europako erakundeen (Next Generation funtsen bidez) laguntza jasoko du, ekarpen ekonomikoen bitartez.
Proiektu estrategikoak
Hijos de Gabilondo fabrika zaharraren eraikina eta inguruak birgaitzea eta eraldatzea izango da egingo den ekimenik garrantzitsuena. Izan ere, Udalak 2.750.000 euroren truke eskuratu zituen lursail horiek jabetzan, eta beste 7,5 milioi inguru erabiliko ditu birgaitzeko eta eraldatzeko. Horietatik 5 milioi Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza eta Hiri Agenda Sailak ordainduko ditu. Horren bitartez, lur horiek herritarren zerbitzurako aisialdirako eta bultzada sozioekonomikorako gune bihurtu nahi dira. Une hauetan, Eibarko arkitektura-estudio batek egindako aurreproiektu bat amaitzen ari da Udala, eraikinaren zati bat birgaitzeko eta inguruak urbanizatzeko.
Rafael Lapeyra eraiki industrial zaharra eraberritzea da beste proiektuetako bat, Barrena kaleko 34. zenbakian hogei etxebizitza babestu inguru eraikitzeko. Udalak 500.00 euro ingurugatik erosi du Eusko Jaurlaritzari lagatzeko, berauk egingo baitu etxebizitzen promozioa. Nabarmentzekoa da Udalak Electrocicloseko eraikinaren etxabeetan dauden etxebizitzetako bizilagunei aukera eskaini diela (Barakaldo kaleko 29, 31, 33 eta 35 zenbakiak) beren etxeak beste batzuekin trukatzeko Barrena 34an egingo den eraikinean, betiere trenbidearen gaineko pasealekua eraikitzeak kalte egiten diela uste badute.
Beste proiektu bat Murrategiko auzoa berroneratzea da. Proiektu hori EH Bilduk Estatuko aurrekontu orokorrei aurkeztu eta Gobernu sozialistak onartutako zuzenketa bati esker egingo da eta Estatuak 3 milioi euroko dirulaguntza emango du.