Eibarko enpresek 6.000 euroko laguntzak jaso ahal izango dituzte langabeak kontratatzeagatik

Laguntza 12.000 eurora arte handitu ahal izango da diru-sarrera bermatuak jasotzen dituztenak, iraupen luzeko langabeak edo 45 urtetik gorakoak kontratatuz gero; eskaerak irailaren 21etik 2027ko urtarrilaren 15era aurkeztu ahal izango dira.
Eibarko enpresek 6.000 euroko laguntzak jaso ahal izango dituzte langabeak kontratatzeagatik
2026/09/18 13:00
Irati Alvarez Malaxetxebarria

Eibarren kokatutako enpresek dirulaguntzak jaso ahal izango dituzte langabeak kontratatzeko. Eibarko Udalak eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak 209.518 euroko programa jarri dute martxan, eta gutxienez hamabi hilabeteko kontratu mugagabeak lagunduko dituzte diruz.

Lanaldi osoko kontratu mugagabe bakoitzeko 6.000 euroko laguntza emango dute. Lanaldi partzialeko kontratuetan, berriz, dirulaguntza lanaldiaren arabera murriztuko da; gutxienez %50eko lanaldia izan beharko dute kontratuek. Laguntzaren azken zenbatekoak, nolanahi ere, ezin izango du kontratatutako pertsonaren urteko soldata-kostuen %75 gainditu, enpresak ordaindu beharreko Gizarte Segurantzako kotizazioa barne.

Dirulaguntza 12.000 eurora iritsi ahal izango da kontratatutako pertsonak Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta edo Bizitzeko Gutxieneko Diru-sarrera jasotzen badu, iraupen luzeko langabea bada edo 45 urtetik gorakoa bada. Emakumeak kontratatuz gero, gainera, dirulaguntzaren zenbatekoa %20 handituko da.

Eibarren erroldatuta eta langabezian

Laguntza jaso ahal izateko, enpresak lantokia eta jarduera ekonomikoa Eibarren izan beharko ditu. Kontratatutako pertsonak, berriz, Eibarren erroldatuta egon beharko du gutxienez 2026ko urtarrilaren 1etik, eta langabezian egon eta Lanbiden enplegu-eskatzaile gisa alta emanda egon beharko du, gutxienez, kontratua hasi aurreko hilabetean.

Horrez gain, kontratatutako pertsonak ezin izango du bigarren mailara arteko ahaidetasun-harremanik izan enpresaburuarekin edo zuzendaritzako karguekin. Enpresa batek ere ezin izango du dirulaguntzarik jaso aurreko deialdietan jada diruz lagundutako kontratazio batengatik.

Kontratazioek enpleguaren hazkunde garbia ekarri beharko dute enpresaren batez besteko plantillan, kontratazioaren aurreko sei hilabeteetako datuekin alderatuta. Enpresa bakoitzeko gehienez lau kontratu lagunduko dira diruz.

209.518 euroko programa

Aurtengo deialdiak 209.518 euroko aurrekontua du. Horietatik 149.518 euro Lanbidetik datoz, eta gainerako 60.000 euroak Eibarko Udalak jarriko ditu.

Programa Eibarko Enplegu eta Tokiko Garapen Planaren barruan kokatzen da, Eusko Jaurlaritzaren proiektu pilotuaren barruan. Udalaren arabera, horri esker dirulaguntzen oinarriak Eibarren egindako diagnostikoan identifikatutako lehentasunetara egokitu eta laneratzeko zailtasun handienak dituzten kolektiboei zuzendutako laguntzak indartu ahal izan dira.

Eskaerak irailaren 21etik 2027ko urtarrilaren 15era aurkeztu ahal izango dira, elektronikoki, Eibarko Udalaren webgunearen bidez. Deialdiaren oinarriak eta aurkeztu beharreko dokumentazioa ere bertan kontsulta daitezke.