Eibarko eta San Benedetto del Trontoko basoak bat

Eibarko eta San Benedetto del Trontoko basoak bat
2024/02/02 10:51
eta kitto!
Naturak ez du mugarik. Eibar BHI-koek esaten duten bezala, “ez gaude naturaz aparte, naturaren parte gara”, bai Eibarren bai San Benedetto del Tronton. Zerk lotzen dute, ostera, Euskal Herriko eta Italiako hiri hauek? Eibar BHI-koek dute horren erantzuna, Erasmus+ deritzon ekimenean hango ikasleekin dihardutelako proiektu bat garatzen.

 

Erasmus ikasleen mugikortasuna sustatzen duen programa da eta Eibar BHI-koek proiektu bat garatu dute bertan parte hartzeko. “Eibarren ingurunearekin eta basoekin dugun arazoa ikusita, Eibarko Baso Biziak taldekoekin harremanetan jarri ginen eta eurek lantzen dituzten gaiak guri azaltzeko eskatu genien. Orduan, proiektu bat garatu genuen eskolan, otsailean Erasmus+ egitasmorako aurkeztu genuen eta uztailean jakin genuen onartu zutela”, azaldu digu Ainhoa Argoitia Eibar BHI-ko irakasleak.

Onartu ondoren, dirulaguntza jaso zuten institutukoek eta, horrela, zortzi ikaslek proiektua garatu dute Italiako San Benedetto del Tronto hiriko Liceo Classico G. Leopardi ikastetxeko ikasleekin elkarlanean (online plataforma baten bitartez). Ikasle taldea astelehen arratsaldeetan biltzen zen eta gure ingurunea ondo ezagutzeko aukera izan dute hilabete hauetan. “Hasieran, hemen ditugun zuhaitzak eta abar zeintzuk ziren azaldu ziguten eta zuhaitz inbasoreak zeintzuk diren ezagutu genituen. Behin txangoa egin genuen inguruko mendietan eta, mugikorreko aplikazio baten bitartez, zuhaitzen hostoei argazkia eginda, zein zuhaitz-mota den jakiteko aukera dagoela ikusi genuen”, azaldu digute ikasleek. Horrela, Eibarko Baso Biziak elkartekoekin elkarlanean, ekintza ezberdinak egin zituzten gaiaren inguruan informazioa jasotzeko eta herrian dugun egoera aldatzen saiatzeko. Horrela, besteak beste, ezkurrak bildu eta landatu zituzten. Proiektuari amaiera emateko, elkartrukea egin dute italiarrekin.

Eibartarrak dagoeneko egon dira San Benedetto del Tronton eta italiarrak martxoaren erdialdean etorriko dira gurera. Hemen hainbat irteera egingo dituzte, batzuk Eibarko Baso Biziak taldekoekin batera. “Zuhaitz landaketa egiteaz gain, beste irteera bat egingo dugu inguruko natura eta basoen egoera ezagutzeko. Kalamua ingurura joango gara”, azaldu digu Mikel Jauregi Eibarko Baso Biziak elkarteko kideak. Argoitiak esan digunez, “listoia oso altu laga digute. Gure bisita oso ondo antolatuta zuten eta orain guri tokatzen zaigu gauzak ondo egitea”.

IMG-20240116-WA0001 IMG-20240117-WA0010

Baso ezberdinak

Eibarkoek proiektua garatu zutenean, italiarrek interes berezia erakutsi zuten. “Hango basoa oso ezberdina izan arren, Mediterraneo itsasoaren alboan dagoen hiria delako, antzeko arazoa dute han”, esan digu Argoitiak.

Eibartarrek sei egun egin dituzte San Benedetto del Tronton eta gero, Italian zeudela aprobetxatuta, Erroman pare bat gau pasa zituzten. “Gustora ibili gara”, esan digu zortzikoteak. “Egun batean, euren inguruneari buruzko informazioa eman ziguten eta, ondoren, mendibuelta eman genuen”, esan digute ikasleek. Ez zen mendi-buelta bakarra izan, beste bat eman zutelako hango inguruak ezagutzeko. “Euren ingurunea nahiko antzekoa iruditu zitzaigun, basoa batez ere, baina egia da han olibondo gehiago dituztela eta basoak lehorragoak direla”, gehitzen dute. Argoitiak esan digunez, “han ez dute hainbeste landaketa, ez dutelako basoa hemen egiten dugun moduan ustiatzen. Orduan, olibondo pila bat dituzte, haritzak ere dezente, baina ez dituzte pinuekin eta eukaliptoekin hemen ditugun bezalako arazoak”.

IMG-20240115-WA0015

Elkartrukearen abantailak

Naturaren inguruan ikertzeaz eta hausnartzeaz gain, beste gaitasun batzuk indartzeko balio izan die elkartrukeak ikasleei. “Italiarrekin elkar ulertzeko ingelesa erabili dute”, azaldu digu Argoitiak. Proiektuan aritu diren irakasle biak ingeleseko irakasleak diren neurrian, “oso pozik” daudela adierazi dute. Gainera, beste errealitate bat ezagutu ahal izan dute, bai hezkuntza arloan bai bizimoduari dagokionez, italiarren etxeetan egin baitute lo. “Demaseko etxeak dituzte”, esan digute ikasleek harriduraz.

Elkartrukearekin, gainera, italiarrei gure hizkuntza eta kultura ezagutzeko interesa piztu zaie. “Hasieran, eurentzat spagnoli ginen eta, orduan, gure kultura, hizkuntza eta abarrak azaldu genizkien, eta amaieran baschi esaten ziguten”, Argoitiaren berbetan. Orain, euskararen inguruko klasea jaso nahi dute hemen.

Bisitaren ondoren, Eibarko zortzi ikasleek amaitutzat emango dute proiektua, baina San Benedetto del Trontorekin ereindako lotura betirako izan daiteke.

IMG_20240115_165209 IMG_20240116_092124