Eibarko Gaztetxiaren hustuketa egiten dihardute, epaitegiaren aginduz

Gaztetxetik diote ez dutela inolako abisurik jaso, eta gaur 19:00etarako kontzentrazioa deitu dute.
Eibarko Gaztetxiaren hustuketa egiten dihardute, epaitegiaren aginduz
2026/05/21 13:30
eta kitto!

Eibarko epaitegiak eraikinaren hustuketa agindua eman duela esanez, gaur goizeko 11:00ak aldera Ertzaintzaren hainbat patruila Iparragirre kalera joan dira, Eibarko Gaztetxia hustutzeko agindua betearaztera. Horren berri izan bezain laster, Gaztetxeko asanbladako kideak eta beste hainbat lagun bertaratu dira, azalpen eske, baina ez dute lortu inork ezer argitzea. Une honetan hogei bat ertzainek gaztetxea inguratuta daukate, eta ez diote inori lagatzen bertatik pasatzen, ezta inguruko bizilagunei ere. Operatiboaren arduradun batekin berbetan aritu ostean, lau laguni barrura sartzeko baimena eman diete, barrutik gauzak (musika ekipoak, edariak…) atera ahal izateko. Bitartean, bi sarreretako bat adreiluz ixten dihardute.

Eibarko Gaztetxiaren izenean, abokatu bezala identifikatu den pertsona batek epaitegitik datorren kaleratze agindua erakusteko eskatu du, baina behin eta berriz ukatu egin diote, eta ez diote ezer erakutsi. Abokatuak esan digunez, “epaitegiaren auto zenbakia, hau da, prozedura judizialaren zenbakia lortu dugu, gerora norbait epaitegira bertaratu ahal izateko, prozedura osoa nola izan den ikusteko. Epaitegiko langileak esan digunez, berez abisuak egon dira, baina ez dakigu zenbat, ez dakigu noiz… Eta gaztetxetik diote inork ez dituela abisu horiek hartu” 

Gauzak horrela, oraingoz ez dago informazio gehiago Gaztetxearen hustuketa dela eta, gaur arratsalderako kontzentrazioa deitu dute, 19:00etan Untzagan.

ikusi duela aste batzuk hedabide honek Gaztetxean egindako ELKARRIZKETA ETA BIDEOA.