EHko Gaztetxe eta Gazte Asanbladen Topaketen aurkezpena Debabarrenean

Eibarko Gaztetxean elkartuko dira gaur Mendaroko, Debako eta Eibarko gazte asanbladetako kideak, maiatzaren amaieran Elorrion egingo diren topaketak aurkezteko. Baina azaldu dutenez, ekimena ez da antolakuntza hutsa: gaur egungo testuinguruaren aurrean “erresistentzia kolektibo bat eraikitzeko” saiakera da, desalojo, kriminalizazio eta gero eta zailagoa den antolakuntza egoeraren erdian.
2026/05/08 13:10
Irati Alvarez Malaxetxebarria

*(ELKARRIZKETAREN BIDEOA LASTER IZANGO DA IKUSGAI)

Eibarko Gaztetxeko hormek ez dute jarduera politikoaren arrastoa gordetzen soilik. Iragan luzearen eta etorkizun zalantzagarriaren arteko tentsioa ere badago: okupazio baten jarraikortasun hauskorra, mehatxu urbanistikoak eta espazio autogestionatu baten defentsa etengabea. Testuinguru horretan kokatzen dira Euskal Herriko gaztetxe eta gazte asanbladen topaketak. Horretaz mintzatu dira Kristiña Fidalgo (Mendaro), Aroa Goena eta Nahia Urkaregi (Deba) eta Irati Izaguirre (Eibar).

Lehenik eta behin, aurkeztu zuen buruak. Nondik zatozte?

Kristiña: Ni Kristiña naiz, eta Mendarotik nator, Mendaroko Gazte Asanbladaren izenean.

Aroa: Ni Aroa naiz, eta Nahia eta biok Debako Gazte Asanbladatik gatoz.

Irati: Ni Irati naiz, eta Eibarko Gaztetxetik nator.

Zer dela eta bildu gara hemen? Zer da Eibarko Gaztetxean barixaku honetan aurkeztuko duzuena?

Nahia: Aurkeztuko duguna maiatzaren 29an eta 30ean Elorrion egingo diren Gaztetxe eta Gazte Asanbladen Topaketak dira. Pixka bat hori azaltzera gatoz: nola sortu den proiektua, nola eraman dugun aurrera, eta nola batu garen Euskal Herriko gaztetxe eta gazte asanblada ugari. Proiektu hori denen artean azaltzea da asmoa.

Kristiña: Bai, eta gehituko nuke, proiektua azaltzeaz gain, aitzakia ona dela Debabarreneko gazte asanbladak elkartzeko eta gure artean harremanak sendotzeko ere. Etorkizunera begira sortzen ari garen sare horren lehenengo pausoa da.

Zein beharretatik sortu da topaketa hau?

Kristiña: Topaketa hausnarketa batetik dator. Ikusten genuen gero eta zailagoa dela modu independentean antolatzen garen gazte eta espazioentzat aurrera egitea. Okupazioaren aurkako ofentsiba bat dago: gaztetxeetan desalojoak ematen dira, kriminalizazio kanpainak daude, isunak… Administrazioaren aldetik ere gero eta zailagoa dugu modu alternatiboan antolatzea edo proposamen alternatiboak eraikitzea.

Aroa: Bai, bestelako ereduak sortzea, aisialdiaren aldetik edo espazio politikoak geureganatzea ere bai, gazteontzat. Uste dugu hor hutsune handi bat dagoela.

Nahia: Hutsune hori ikusten dugu, eta gainera aprobetxatu nahi dugu bai Debabarrenean bai Euskal Herri mailan azken urteetan egon den saretze falta. Gure artean komunikazio handiagoa behar zela ikusten genuen. Elkartzeko beharra zegoen, jasaten ari garen guztiari erantzun bateratua emateko.

Aroa: Nolabait, indar erakustaldi bat ere bada. Gazteok antolatzen ari garela erakustea, bai gaztetxeetan bai gazte asanbladetan, eta espazio horiek beharrezkoak direla aldarrikatzea.

Aroa Goena, Irati Izaguirre, Kristiña Fidalgo, Nahia Urkaregi eta Iker Jauregibarria Eibarko Gaztetxean.

Zenbat gaztetxek hartuko dute parte topaketa hauetan?

Irati: Bilera bakoitzean akta bat jasotzen da, eta bertan agertzen da zein gaztetxe eta herritatik gatozen bilerara.

Aroa: Zerrendaren orria bete egiten da.

Kristiña: Espero genuena baino gehiago. Gu behintzat harrituta geratu ginen lehenengo edo bigarren asanbladara joan ginenean hainbeste gazte asanblada elkartuta ikustean.

Nahia: Bai, sare sozialetako argazkietan ere ikusten da bilerak bete-beteta daudela. Kontuan hartuta asanblada bakoitzetik pertsona bat edo bi joaten garela, eta askotan asanblada batzuk falta direla… jende asko da, bai.

Topaketa gaztetxe eta gazte asanbladena da, ezta?

Denak: Hori da.

Kristiña: Gazte asanblada askok oraindik ez dutelako espaziorik.

Egoera desberdinetako asanbladak batzen ditu topaketak, beraz.

Nahia: Bai. Badaude oraindik espaziorik lortu ez dutenak, edo espazio batetik kanporatu dituztenak. Horiei ere lekua eman behar zaiela iruditzen zaigu, eta topaketa hauetan presente egon behar dutela.

Aroa: Hori da, gaztetxe bat izateko nahia hor dagoelako. Kasu horietan taldea badago; falta dena espazioa da.

Zein formatutan antolatuko zarete horretarako?

Kristiña: Asanbladen bidez antolatzen ari gara. Ez dago talde motor finko bat topaketak antolatzeko, eta erabaki guztiak asanbladetan hartzen dira. Euskal Herriko asanbladetako ordezkari bat edo bi joaten dira asanblada orokorretara, eta bertan beren herri edo auzoetako erabakiak eramaten dituzte. Guztion artean eztabaidatzen eta erabakitzen ditugu hurrengo pausoak. Esan genezake erabakiak modu kolektibo eta demokratikoan hartzen direla.

Nahia: Bai, oso modu horizontalean.

Aroa: Gainera, interesen arabera taldetan ere banatzen gara, gai jakinak azkarrago lantzeko.

Topaketa hauen aurretik, ordea, 2024ko urrian Debabarreneko topaketak antolatu zenituzten.

Nahia: Bai. Hemen gauden gazte asanbladez gain, Mutriku eta Elgoibarko asanbladek ere parte hartu zuten. Denon artean antolatzeko eta saretzeko eguna izan zen. Orain sare hori mantentzen saiatzen ari gara berriro.

Irati: Lehen hartu-emana izan zen. Lehen topaketen ondoren dena pixka bat airean geratu zen, eta bigarren topaketa hauei esker beste saiakera bat egingo dugu saretze hori sendotzeko. Azkenean, gure onerako da: lankidetza izatea, edozein momentutan laguntza behar baduzu nora jo jakitea, eta beste asanbladek ere lagunduko dizutela sentitzea.

Oinarrian, beraz, behar bera dago duela bi urte eta orain ere: saretzea, elkar ezagutzea…

Kristiña: Bai, eta gure herrietatik irten eta ikustea gazte pila bat dagoela hausnarketa ezberdinak partekatzeko gogoz, antzeko kezkak ditugula, eta horrek motibazioa ematen digula gure lanean. Ikustea ez gaudela bakarrik gazte asanbladetan; Euskal Herri osoan badaudela borroka berean dauden gazte eta espazio gehiago. Hori oso motibagarria da. Eta Debabarrenean ere berdin gertatzen dela ikusteak indarra ematen du.

Nahia: Bai, hausnarketak egiteak eta esperientziak partekatzeak aukera ematen du beste asanblada batzuetan egindako gauzak zure errealitatera ekartzeko. Horrek norberaren asanblada hobetzen laguntzen du.

Oraingoan ere, barixakuan batuko zarete Debabarreneko asanblada desberdinak.

Irati: Gaztetxe eta asanblada desberdinetako jendea etorriko da: Mendarotik, Debatik eta Eibartik, besteak beste. Beste asanblada batzuei ere luzatu diegu proposamena, eta prest agertu dira beste ekimen batzuetarako. Barixakuan topaketak aurkeztuko ditugu: zer diren, zer egingo den eta zergatik diren garrantzitsuak azalduko dugu, testuingurua emateko. Ondoren, tribiala eta mojitada egingo ditugu giroa pizteko.

Nahia: Gure artean gehiago ezagutzeko aukera oso ona izango da.

Debabarrena mailan, helburu zehatzik baduzue epe motzera begira?

Kristiña: Iratik esan duen bezala, gure artean sare hori sendotzea da helburua. Duela bi urte lortu ez genuen jarraipen hori orain ematea, eta benetako errealitate bihurtzea. Oraindik ez dakigu zein formatutan izango den, baina kontaktua mantendu nahi dugu, batez ere udara begira: zer laguntza behar dugun jakiteko, materiala partekatzeko, hausnarketak egiteko… Adibidez, gaztetxe bat arriskuan badago, defentsa hori denon artean antolatzeko.

Irati: Ezagutzak ere parteka daitezke. Guk zerbait konpontzen badakigu, beste asanbladei erakutsi ahal diegu: gai elektrikoak, obrak edo dena delakoa. Ezagutza hori gazteen artean partekatzea garrantzitsua da, gero asanbladetara datozen gazte berriek ere hori ikas dezaten.

Aroa: Hori da. Harremanak sendotzeaz gain, espazioak kudeatzeko ezagutza ere beharrezkoa da.

Kristiña: Eibarkoak, adibidez, oso “manitak” dira.

Aroa: Hoberenak dira.

Denak: Bai! (barreak)

Aroa: Jakintza hori partekatzea oso beharrezkoa iruditzen zaigu.

Zaila izan da hainbeste asanbladen artean ideia bateratuak lortzea?

Kristiña: Nik uste dut desberdintasun edo aniztasun hori modu positiboan ikusten dugula. Asanbladan bildu ginenean hausnarketa hori egin genuen. Eztabaidatzen dugunean, bakoitzak bere iritzia emateak eta aniztasun hori egoteak hausnarketak aberasgarriago egiten dituela uste dut. Oraingoz ez dugu zailtasun handirik izan; alderantziz, oso aberasgarria izan da asanblada bakoitza desberdina izatea, baita herri edo auzo bakoitzeko errealitateak ere.

Erraza al da ideia bateratuak izatea?

Irati: Nik uste dut oinarrian denok gauza bera partekatzen dugula. Gero, oinarritik harago, desberdintasunak egon daitezke, baina oinarria bera da denontzat. Azkenean, gaztetxe edo gazte asanblada batean badakizu nolako pentsamoldea duen jendeak eta zer defendatu nahi duen.

Kristiña: Bai. Lehenengo asanbladan elkartu ginenean, denok genituen kezka antzekoak ziren: gaur egungo gazteengana nola iritsi, gazteak gaztetxera hurbiltzeko ditugun zailtasunak… edo ikustea ideia matxistak eta arrazistak gero eta gehiago zabaltzen ari direla, eta horien aurka gaztetxeetatik edo gazte asanbladetatik nola borrokatu dezakegun. Azkenean, minimo batzuk badira denok partekatzen ditugunak.

Hausnarketa kolektibo batzuk badaudela, orduan.

Nahia: Bai. Gure artean hausnarketa batzuk partekatu ditugu, baina topaketetan ere garrantzi handia eman zaio hausnarketa kolektibo bat elkarrekin egiteari, ideiak partekatzeari eta benetan oinarrizkoa denari garrantzia emateari.

Aroa: Hori da. Hausnarketa hori ez dugu Debabarrenean bakarrik egiten, Euskal Herri mailan ere egiten ari gara, konturatu garelako behar eta kezka asko partekatzen ditugula. Pertsonalki, Debako asanbladarentzat oso onuragarria izan da ikustea ez ditugula guk bakarrik kezka horiek.

Zein da gaur egun Euskal Herri mailako egoera, orokorrean?

Kristiña: Nik esango nuke, alde batetik, lehen aipatutako ofentsibaren ondorioz gero eta zailtasun gehiago daudela gaztetxeetan edo modu independentean antolatzeko. Baina, aldi berean, gaztetxeen nolabaiteko loraldi bat ere badago. Adibidez, Galdakaon asanblada bat sortu eta espazio bat okupatu zuten; gero desalojatu zituzten, baina borrokan jarraitzen dute eta esan dute hau hasiera besterik ez dela. Errotxapean ere saiatu ziren duela gutxi espazio berri bat lortzen. Hau da, badago gaztetxeen eta gazte asanbladen aldeko mugimendu indartsu bat, eta gazteok badugu antolatzeko eta borrokatzeko gogoa.

Askotan aipatzen duzue ofentsiba betean gaudela. Zer dela eta?

Nahia: Gehienbat lehen aipatutakoagatik. Alde instituzionaletatik edo boterea dutenen aldetik presioa egiten zaie gaztetxeei eta asanbladei, eta gauzak zaildu egiten dizkigute. Gainera, gazteen artean faxismoaren eta jarrera erreakzionarioen gorakada ere ikusten ari gara. Horrek kezka sortzen digu, eta horren aurrean ere erantzun bat ematea garrantzitsua dela iruditzen zaigu.

Testuinguru honek gaztetxeei ere eragiten die?

Kristiña: Bai, noski. Lehen esan bezala, desalojoak ematen dira, gaztetxe asko arriskuan daude, isunak jartzen dituzte eta kriminalizazio kanpainak egiten dira. Ofentsiba honek zuzenean eragiten die gaztetxeei.

Testuinguru honetan, gaztetxeen beharra argia da, ezta?

Kristiña: Bai. Politizaziorako espazioak dira, gazteok gure nahiak aurrera eramateko espazioak, proiektu alternatiboak garatzeko lekuak eta aisialdi alternatibo bat sustatzeko guneak. Horregatik dira garrantzitsuak, eta izango dira beti.

Bada eskualdeko herritarrei helarazi nahi diezuen mezuren bat?

Nahia: Jendea animatu nahi dugu asanbladetan parte hartzera, esan dugun bezala, ez dugu hozka egiten. Beraz, gazteei gonbidapena luzatzen diegu. Eta aurkezpenera ere bai, hau nola egiten dugun ikus dezaten.

Irati: Aurkezpenera etortzea aukera bat da asanbladetan nola lan egiten dugun ikusteko. Aukera bat da ikusteko zer jende mota dagoen gaztetxe batean, zer esan nahi duen gazte asanblada batean egoteak, eta norberak esateko: “jo, ba agian bat egiten dut taldearekin” edo “gaztetxean dauden pentsamendu hauek ondo datorkidaz bizitzan pauso bat aurrera egiteko”. Errutinatik eta sare sozialek zabaldu dezaketen eragin txar horretatik pixka bat aldentzeko.

Aroa: Aurreiritziak alde batera uzteko esango nieke. Etorri eta ezagutu gaitzazue.

Nahia: Lehenik jendea ezagutu behar da, aurreiritziak izateko jende horrekiko. Orduan, gu ezagutzera gonbidatzen zaituztegu.

Azkenik, Iratirentzat galdera: zein da gaur egun gure herriko gaztetxearen egoera?

Irati: Ia 16 urte daramatzagu hemen. Gaztetxe hau lehen ‘Cadena Iris’ izan zen. Eraikin hau Txonta auzoan kokatzen da. Txonta berregituratzeko hiri-plan orokor berrian, orain onartu den zazpigarrenean, fabrikak botatzea aurreikusten da, gaztetxea barne, bertan etxebizitzak egiteko. Gaztetxearen tokian errepide bat egitea aurreikusten da, eta gainerako guztia, Txontan dauden fabrikak, etxebizitzak izango dira. Ez gara desalojatuko dituzten bakarrak; bada beste fabrika bat Eibarren, okupatua eta autogestionatua dagoena, “Freddy” deitzen dena, eta hori ere desalojatu eta bota egingo dute, etxebizitzak eraikitzeko.

Eta hori guztia etxeak eraikitzeko, etxe garestiak egiteko; auzoko jendeak prezio altuengatik erosi ezin izango dituen etxeak izango dira. Gainera, Eibarren bertan mila edo mila hirurehun etxe hutsik daudela jakinda, gehiago eraiki nahi dituzte. Etxebizitzaren inguruko problematika kontuan hartuta, oraindik ere gehiago eraiki nahi dituzte, espekulazioa sustatzeko. Auzoarekin etengabe espekulatzen ari dira.

Gainera, Eibarko gaztetxearen garrantzia azpimarratu nahi dut. Askok pentsatzen badute ere ez duela garrantzirik, gaztetxeak gune askea direlako garrantzi handia du: gazteok nahi dugun bezala kudeatzeko, gure artean iritzi politikoak sortzeko eta proiektu desberdinak aurrera eramateko aukera ematen du. Nahi duzun guztia egin dezakezu gaztetxe batean, errespetuz eta benetako problematikak borrokatuz. Eta jendeak hori ikustea nahi dugu: herriko gaztetxeak duen garrantzia ulertzea, eta eraispena gertatzen bada ere, horrelako espazio batek herriarentzat duen balioa ikustea.