Eibarko Gure Eskuk Herritu txartela egiteko aukera eskainiko du hainbat egunetan

Guridi alboan eta Deporren eman ahal izango da izena.
Eibarko Gure Eskuk Herritu txartela egiteko aukera eskainiko du hainbat egunetan
2026/03/26 11:00
Irati Alvarez Malaxetxebarria

Eibarko Gure Eskuk Herritu txartela egiteko aukera eskainiko du datozen asteetan, herrian hainbat egun eta gunetan postuak jarriz.

Antolatzaileek jakinarazi dutenez, Guridi alboan jarriko dute mahaia egun hauetan: martxoaren 28an, zapatua, Korrika Egunean, 12:00etatik aurrera; apirilaren 10ean, barixakua, 12:00etatik 14:00etara, Euskal Herriko Itzuliaren etaparekin bat eginez; eta apirilaren 18an, zapatua, 19:30etik 21:30era.

Martxoaren 28an, gainera, Korrika Eguneko giroa aprobetxatuta, bazkari herrikoian ere Herritu txartela egiteko aukera egongo da.

Bestalde, martizenetan ere izena emateko aukera izango da, Deporren lehen solairuan, 18:30etatik 19:30etara.

Herritu, zertarako?

Herritu Gure Eskuk abiatutako dinamika da, euskal komunitatea indartu eta herritarren parte-hartzea sustatzeko helburua duena. Norbanakoek euskal herritartasuna adierazteko tresnak eskaintzen ditu —txartela, pina eta pegatina—, komunitatearen ikusgarritasuna eta kohesioa handitzeko helburuarekin. Ekimenak, gainera, ariketa kolektibo bat izan nahi du, euskararen, eskubideen eta etorkizuna erabakitzeko nahiaren inguruan komunitatea trinkotzeko.

Informazio gehiagorako, egin klik hemen.