Euskal komunitatea osatzeko Herritu dinamika abiatu du Gure Eskuk

Gaur (martxoak 13, barixakua), 19:00etatik 21:00etara egongo dira kalean, mahaiarekin, nahi duenak ekimenarekin bat egin dezan.
Euskal komunitatea osatzeko Herritu dinamika abiatu du Gure Eskuk
2026/03/13 16:55
Silbia Hernandez Arrazola

Barixakuan, martxoaren 6an aurkeztu zuen Gure Eskuk Herritu izeneko ekimena Eibarren, Errebalgo plaza estaliak hartu zuen ekitaldian. Bertaratu ziren herritarrei ekimenari buruzko azalpenak emateaz gain, Herritu ekimena babesten duten Eibarko pertsona ezagunez osatutako hamaikakoa ere eman zuten ezagutzera. Hori guztia Jokin Bergara bertsolariaren, Jurgen Landa abeslariaren eta Eneko Mayoral gitarristaren laguntasunarekin, eta Irati Alvarez Gure Eskuko kide eibartarrak aurkeztuta. Ekitaldia amaitu eta, jarraian, gerturatu zirenetako askok egin zuten bat Herriturekin.

Euskal Herriaren burujabetza eta erabakitzeko eskubidea aldarrikatzeko abiatu berri den ekimena da Herritu eta Gure Eskuk, erabakitzeko eskubidearen alde 2013an sortutako mugimendu herritarrak abiatu du, eta orain arteko bideari jarraituko dio: “Gure Esku ezagutzen duen orok badaki hiru zutabe nagusi defendatzeko sortu zela: Herri bat garela, Euskal Herria; herritarron garaia dela; eta guk, herritarrok, gure oraina eta etorkizuna erabaki nahi ditugula. Gure herrian, Eibarren, atxikimendu handia izan du hiru zutabe horien defentsak, herri mugimenduaren sorreratik bertatik: giza katea 2014an, herri-kontsulta, bigarren giza katea, Pirinioetako bidea, iazko ekainaren 7ko mobilizazioa… egindako guztia elkarrekin egin dugu, komunitatean”.
Ekitaldian esan zutenez, “aipaturiko komunitate hori herriz herri indartzeko ariketa bat da Herritu. Euskal komunitatea indartzeko garaia da, eta horretara gatoz. Horretarako sortu da Herritu, euskal komunitatea osatzeko”. 
Ekimen honek adierazpen bat du oinarri, eta bertan, erabakitzeko eskubidea, burujabetzaren beharra eta herritar guztien eskubide guztien bermea nabarmentzen direla diote Gure Eskutik: “Horrez gain, euskal nazioaren ideia beste esparru batzuetara hedatzeko (gazteak, euskal diaspora, Euskal Herrira etorri berriak...), Euskal Herria ezagun egiten duten zenbait ikurrei bultzada emateko (Euskal Herriko armarria eta zazpi lurraldeen mapa) eta Gure Eskuren erreferentzialtasuna indartzeko ere baliagarria da Herritu”. 
Ekimeneko ordezkariek azaldu digutenez, “norbanako gisa euskal herritartasuna adierazteko tresna sorta bat da Herritu. Txartelak, pin-ak eta pegatinak osatzen dute tresna hori. Eta zertan laguntzen dute tresna hauek? Txartelak, Euskal Herritarrak garela eta Euskal Herritarrok gure etorkizun politikoa libre eta demokratikoki erabakitzeko eskubidearen alde gaudela adierazten du; pina paparrean jantzita, txartelarekin esaten dugun komunitate hori kalean ikusgarritasuna emateko tresna da. Euskaraldiko txaparekin egin genuen antzera, komunitate bezala sendotasuna erakutsiko dugu; eta pegatina mugikorrean, kalean… nahi duzuen tokian pegatu eta, hori ere, ikusgarritasuna lortzeko tresna da”. 
Baina, edozerren gainetik, Herritu ekintza bat da: “Modu kolektiboan sustatu, lortu eta erabiliko ditugulako tresna horiek. Horrela, denok batera, euskal komunitatearen indarra erakutsi eta trinkotuko dugu”. Eta herritarrak dira ekintza horren funtsezko katebegia: “Herrituren bidez, zuek lagunduko baituzue euskal komunitatea osatzen eta indartzen”. Horretarako dira euskarriak eta, horiek eskuratzeko, 10 euroko ekarpena egin beharko da (5 eurokoa, 20 urtetik behera)
Herritu-ren euskarriak lortzeko bideak
Ekimenarekin bat egin eta Herrituren euskarriak lortzeko eta ekimenarekin bat egiteko bide ezberdinak daude: Gure Eskuk presentzia bermatuko du Euskal Herriko agendako hitzordu nagusietan (Durangoko Azoka, Korrika, ikastolen aldeko jaialdiak, euskararen aldeko bestelako ekimenak, festak, kirol ikuskizunak, kontzertuak...), eta  www.herritu.eus webgunean ere eskuratu ahal izango dira Herrituren euskarriak. 
Dena dela, funtsezkoa izango da tokian tokiko dinamika, eta zentzu horretan Eibarko Gure Eskuk hainbat egunetan kalean mahaia ipiniko du, nahi duenak “herritzeko” aukera izateko. Gaur bertan (martxoak 13, barixakua), 19:00etatik 21:00etara egongo dira kalean mahaiarekin.

EIBARKO HAMAIKAKOA

Mikel Larrañaga: Eibarko lehen Alkate demokratikoa (1979-83). Gaur egun, Eibar K. E.-ren fundazioko presidenteordea.

Kontxa Laspiur: Bere 101 urteetan zehar euskararen aldeko langile nekaezina. Euskaltegiko irakasle historikoa.

Odei Jainaga: Jabalina jaurtiketan espezializatutako atleta. Joko olinpikoetan aritutakoa.

Miren Gisasola: Mugi Panderoa taldeko abeslaria, baserritarra eta auzoetako jaien antolatzailea, irakaslea eta futbolaria.

Aitor Gorosabel: Su Ta Gar talde eibartarreko abeslaria eta gitarra-jolea.

Enrique Montero: Usartza Txistulari Taldeko zuzendaria. Musika eskolako irakaslea.

Maider Aranberri: …eta kitto! Euskara Elkarteko teknikaria.

Oihane Sarasketa: Kirolaria, iazko Asier Cuevas lasterketako emakumezkoen arteko irabazlea. Talde feministetako kidea.

Jurgen Landa: Abeslaria. ETB1eko “Ztanda” programan aritu zen eta geroztik bere ibilbide musikala garatu du.

Miren Hazas: Euskal dantza irakaslea, Kezka-ko dantzaria, artista plastikoa, tabernari-ohia, eta saltsa guztietako perrexila.

June Araujo: Eibarko gazte talde desberdinetan, eta bereziki jaien antolakuntzan inplikatutako neska gaztea.