Eibarko kirol instalazioen egoera salatu du EH Bilduk

Udal gobernuari egotzi dio mantentze-lanean eta plangintzan huts egin izana. Besteak beste, eskubaloi pistako iragazketak, Orbeako igerilekuen itxiera eta Unbeko arazoak aipatu ditu.
Eibarko kirol instalazioen egoera salatu du EH Bilduk
2026/10/13 13:40
Irati Alvarez Malaxetxebarria

Eibarko EH Bilduk udal kirol instalazioen egoera salatu du, eta udal gobernuari —PSE-EEri eta EAJri— eskatu dio azpiegituren mantentze-lana eta berritzea osotasunean planifikatzeko. Koalizioaren arabera, azkenaldian izandako gorabeherek agerian utzi dute arazoak ez direla gertakari bakanak, baizik eta plangintza eta aurreikuspen falta baten ondorio.

Azken adibidetzat eskubaloi pista jarri du EH Bilduk. Koalizioak azaldu duenez, larunbateko euri jasen ondorioz ura sartu zen instalazioan. Iragazketak aspalditik gertatzen direla eta udal gobernuak horren berri baduela salatu du.

Gainera, pistako zorua aldatzeko lanak lizitaziora atera zituztela eta udal gobernuak lanak udan egingo zituela iragarri zuela gogorarazi du. EH Bilduren esanetan, ordea, uda amaitu da eta lanak ez dira egin; lizitazioa ere ez dute oraindik esleitu. Horren harira, teilatua konpondu gabe zorua aldatzeak zer zentzu duen galdetu du koalizioak.

Beste instalazio batzuetako arazoak

Eskubaloi pistako iragazketak ez direla arazo bakarra nabarmendu du EH Bilduk. Besteak beste, Orbeako igerilekuak eta spa gunea itxita egon direla adierazi du, legionellarekin lotutako arazo baten ondorioz. Koalizioaren arabera, erabiltzaileei ez zaie itxieraren berri eman. Dutxetako uraren tenperaturarekin gorabeherak izan direla ere salatu du.

Horrez gain, Unbe urik eta argindarrik gabe egon dela eta errugbi zelaia ezin dela normaltasunez erabili bi onddoren presentziagatik adierazi du. EH Bilduren ustez, gorabehera horiek guztiek erakusten dute udal gobernua arazoak sortu ahala konpontzera mugatzen ari dela, instalazioen mantentze-lana eta berritzea osotasunean landu beharrean.

Koalizioak azpimarratu du erabiltzaileek eta kirol klubek instalazio egokiak eta seguruak izatea merezi dutela, eta ez direla normaltzat hartu behar eguneroko jarduna oztopatzen duten iragazketak, itxierak eta matxurak.

Ipuruko proiektua, lehentasunen eztabaidan

Bestalde, EH Bilduk udal gobernuaren lehentasunak kritikatu ditu. Koalizioak gogorarazi du PSE-EEk martxoan Eibarko etxe guztietara bidalitako argitalpen batean Ipuruko etorkizuneko ur konplexuaren proiektua iragarri zuela.

EH Bilduk argitu du ez duela zalantzan jartzen Eibarrek kirol azpiegitura berriak behar izatea edo etorkizuneko proiektuak aztertzea. Hala ere, haren ustez, lehendik dauden instalazioak egoera egokian eta seguru daudela bermatu behar da, proiektu berriak iragarri aurretik.