Jon Iraola alkatea: “Legionellaren auzian jarduera guztia Osasun Sailaren jarraibideen arabera egin da”
Eibarko alkate Jon Iraolak (PSE-EE) prentsaurrekoa eskaini du gaur, maiatzak 18, Orbea kiroldegiko legionella kasuaren inguruan azken egunetan sortu den polemikari erantzuteko.
Aurreko egunetan, EAJ-PNVk eta EH Bilduk Eibarko Udalari gardentasun falta egotzi diote gai honen kudeaketan, eta oposizioaren kritikek piztutako eztabaidaren ondoren heldu da alkatearen azalpen publikoa.
Iraolak zehaztu duenez, egoera 2026ko otsailaren 23an hasi zen, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak Orbea kiroldegian egindako laginetan ‘Legionella spp’ eta ‘Legionella pneumophilaren’ presentzia detektatu edo emaitza ez erabakigarriak jaso zirenean hainbat puntutan, hala nola akumuladorean eta emakumeen aldagelako dutxetan.
Horren aurrean, Osasun Sailak instalazioa gelditzea, erabiltzaileei informazioa ematea eta ur bero sanitarioaren sistema garbitu eta desinfektatzea agindu zuen. Udalaren arabera, neurri horiek guztiak bete egin ziren.
Iraolak azaldu duenez, martxoaren 20an hiperklorazioa egin zen sistema osoan, eta, aldi berean, talka edo "shock" termikoa ere aplikatu zen, ura 70 gradu baino gehiagora berotuz bakteria ezabatzeko. Halaber, akumuladoreetan purgak egin eta instalazioaren egoera orokorra berrikusi zen.
Ondoren, apirilaren 7an lagin berriak hartu ziren eta apirilaren 21ean jaso ziren emaitzak. Horien arabera, emaitzak onargarriak zirenez, dutxak berriro ireki ziren.
“Une oro Osasun Sailak ezarritako jarraibideak bete ditugu. Ez da inolako arriskurik egon erabiltzaileentzat, instalazioa erabileratik kanpo egon baitzen analitika berriek egoera egokia zela baieztatu arte”, adierazi du alkateak.
Komunikazioaren inguruko eztabaida
Testuingurua eta udaletxetik jarraitutako prozedura azaldu ostean, Iraolak azalpenak eman ditu izandako komunikazioari buruz. Udalak erabiltzaileei helarazitako oharrean honakoa zioen: “dutxak aldi baterako erabilerarik gabe egongo dira ur bero sanitarioaren sisteman mantentze-lan zuzentzaile eta sanitarioak egiten ari direlako”.