Eibarko Liburu Azokak martxan jarraitzen du
2023/11/16
13:24
eta kitto!
Azaroaren 3tik 19ra egongo da zabalik Eibarko Liburu Azoka, egunero, astegunetan 11:00etik 14:00etara eta 17:00etatik 20:30era ,eta asteburuetan 12:00etatik 14:00etara eta 17:30etik 20:30era. Urteroko martxan, Euskadiko Liburu Ganbarak Eibarko Udalaren laguntzarekin antolatutako azokan %10eko deskontuarekin eros daitezke literaturako azken nobedadeak eta, horrekin batera, aukerako liburuak eta deskatalogatutakoak erosteko aukera ere badago.
Bederatzi parte-hartzaile daude oraingoan, tartean Eibarko Udala, Erein, Jakinbide, Viento Norte, El Gallo de Oro, Haizea eta Haritza. Azokan aurkitu daitezkeen euskarazko lanen artean Etxeko urak (Leire Bilbao), Hildako haurra (Gotzon Barandiaran), Horma (Marlen Haushofer) eta Otsoa etorriko da (Iñaki Irasizabal) daude. Eta gaztelerazko izenburuen artean, berriz, El Maizal (Toti Martínez de Lezea), Material de construcción (Eider Rodríguez), Si el agua nos lleva (Elena Peña Bilbao) eta Muerte en el Carlton (Javier Sagastiberri). Bestalde, azoka zabalik dagoen bitartean, Emakumea protagonista, Euskal Idazle emakumeak erakusketa ere egongo da bertan.