Irakurketa Gida Feminista sortu dute Eibarko liburutegiek eta M8 lantaldeak

Eibarko hainbat kolektibok osatutako lantaldeak egin du feminismoa, berdintasuna eta aniztasuna lantzen dituzten liburu eta filmen hautaketa.
Irakurketa Gida Feminista sortu dute Eibarko liburutegiek eta M8 lantaldeak
2026/03/05 14:30
Irati Alvarez Malaxetxebarria

Genero-berdintasuna sustatu eta ahots feministak ikusgarri egiteko helburuz, ‘Irakurketa Gida Feminista’ ondu dute Eibarko Udal Liburutegiak, Andretxeko Maistrak Liburutegiak eta M8 lantaldea osatzen duten Eibarko hainbat kolektibok. Zehazki, bi gida sortu dituzte: bata helduentzat, eta bestea haur eta gazteei zuzendua.

Helduentzako irakurketa gida

‘M8. Aliantza feministak. Beste mundu bat feminismotik’ gidak hainbat generotako lanen aukeraketa eskaintzen du: saiakera, fikzioa, ikuspegi kritikoak eta gaur egungo eztabaidak biltzen dituzten lanak, feminismoaren, berdintasunaren eta emakumeen zein pertsona anitzen esperientzien inguruko alderdiak lantzen dituztenak.

Haur eta gazteentzako gida

Bestalde, “Berdintasuna helburu” gidak haur eta gazteei genero-berdintasuna irakurketaren bidez hurbiltzea du xede. Adin-tarteka antolatuta dago (0–4 urte, 5–8 urte eta abar), eta errespetua eta aniztasuna sustatzen dituzten ipuinak eta ezagutza-liburuak biltzen ditu. Hautatutako lanek, besteak beste, estereotiporik gabeko pertsonaiak aurkezten dituzte eta berdintasunari buruzko elkarrizketak txikitatik lantzen laguntzen dute.

Liburutegiak nabarmendu du lantalde honetan parte hartzeak berdintasunaren eta inklusioaren aldeko konpromisoa indartzen duela. Horregatik, herritar guztiak gonbidatu dituzte gida hauetan proposatutako tituluak ezagutzera eta irakurtzera. Hautatutako lanak bi liburutegietan ikusgai daude.