Eibarko Mapa Turistikoa eskuragarri dago
2021/06/01
07:42
eta kitto!
Eibarko Udalak, Debegesa Eskualdeko Garapen Agentziarekin lankidetzan, Eibarko mapa turistiko bat diseinatu du, Armagintzaren Museoan eta hiriko zenbait ostatutan eskuragarri egongo dena.
Mapak hirian turismoa egiteko informazioa eskaintzea du helburu.
Bisitariei Eibarko egonaldian zer ikus dezaketen jakinarazteko diseinatuta dago mapa, eta, aldi berean, oinezkoentzako guneei, aparkalekuei, eskailera mekanikoei, igogailuei eta bestelako elementuei buruzko informazioa ematen du, orientazioa errazteko.
Mapak hiriko interes turistiko handieneko baliabideak nabarmentzen ditu: udaletxeko eraikina, Ipurua Udal Estadioa, Astelena pilotalekua, San Andres eliza, Portalea kultur etxea, Coliseo Antzokia, Azitaingo baseliza, Gerra Zibilaren Frontearen Interpretazio Zentroa eta Armagintzaren Museoa bera. Bakoitzaren informazio interesgarria duen paragrafo deskribatzaile labur bat du.
Mapa turistikoan, halaber, unibertsitatearen eremua eta Arratera sartzeko ibilbideak irudikatzen dira, bai eta eremu horretan egin daitezkeen ibilbideei buruzko informazioa ere, eta honako hauei buruzko informazioa ematen da: garraio-webguneak, Eibarko Udalaren webgunea, Debabarrena Turismoarena, Armagintzaren Museoarena eta Gerra Zibilaren Frontearen Interpretazio Zentroarena.
Mapa Armagintzaren Museoan dago eskuragarri. Museoak Eibarko eta eskualdeko ondare industriala kontserbatu eta zabaltzea du helburu. Gainera, hiriko ostatuetan ere eskuratu ahal izango da.