Eibarko Musika Bandak mundu sinfonikora eramango gaitu igandeko kontzertuan
Datorren igandean, martxoak 15, 12:30ean, kontzertu berria eskainiko du Eibarko Musika Bandak Coliseo antzokian. Andoni Vazquez zuzendariak esan digunez, “mundu sinfonikora” joko du ikuskizun horretan eta askotariko piezak joko dituzte horretarako.
Hasteko, Ippolitov Iwanoven ‘Escensas Caucasianas’ eskainiko dute. “Tbilisin (Georgiako hiriburuan) bizi izandako urteetan bertako musikan oinarritutako idatzitako obra da”, diosku zuzendariak.
Jarraitzeko, Maurice Ravel Ziburuko konpositorearen ‘Pavana por una infanta difunta’ joko dute. “Oso intimista eta optimista”, Vazquezen ustez.
Gero, Igor Stravinskyren ‘Consgración de la primavera’ entzun ahal izango dugu. “Jatorrian balleta da, baina bere momentua den-denarekin apurtu zuen pieza da eta uste dugu esperimentu ona izango dela bandarentzat zein publikoarentzat”.
Eta amaitzeko, Tschaikowskyren ‘El lago de los cisnes’ joko dute, “oso ezaguna dena”.
Sarrerak Kutxabank bitartez edo Coliseo antzokiko leihatilan eskuratu ahal izango dira.