Eibarko Musika Bandak musika eramango du domekan herriko zaharren egoitzetara
Iaz hasitako ekimenari jarraipena emanez, Eibarko Musika Banda San Andres eta Ego Gain egoitzetan egongo da igandean, ekainak 14. Untzaga ingurutik (“agian Mekolako pasealekutik”, Andoni Vazquez zuzendariaren berbetan) irtengo dira kalejiran 11:15 inguruan eta 11:30ean San Andres zaharren egoitzan egingo dute lehen geldialdia. “Bost pieza joko ditugu bertan. Sanjuanetako jai-giroko musika eramatea da helburua”, diosku zuzendariak.
Han amaitu ondoren, kalejiran, Ego Gain erresidentziara joango dira musika jotzera. “Eguraldi ona eginez gero, emanaldiak kanpoan eskainiko ditugu, eta txarra egingo balu, barruan”, Vazquezen berbetan.
Zaharren egoitzetan amaitu ondoren, eta San Juan Saria txirrindularitza lasterketak lagatzen duen neurrian, kalejira egingo dute herrian zehar, erresidentzietatik erdigunera arte.
Ekintza ez da egoiliarrei mugatzen eta Bandatik herritar guztiak gonbidatu nahi dituzte bertan parte hartzera.