Eibarko Musika Bandak Udaberri Kontzertu berezia emango du Eibarko Txirrindulari elkartearen mendeurrenean
Oraindik ez da iritsi, baina udaberria ospatzen hasiko gara herrian Eibarko Txirrindulari Elkartearen eta Eibarko Musika Bandaren eskutik. Izan ere, igandean, otsailaren 22an, XVII. Udaberri Kontzertua eskainiko dute, 12:30ean, Coliseo antzokian.
Kontzertu berezia izango da, aurten Eibarko Txirrindulari Elkarteak 100 urte betetzen dituelako. Horregatik, urte hauetan txirrindulari elkartearekin elkarlanean emandako kontzertuetan eskainitako doinuak ekarriko dituzte gogora, “askotariko pieza ederrak” eskainiz, Andoni Vazquez Eibarko Musika Bandaren zuzendariaren berbetan. “Polkak, Joko Olinpikoetako musika (John Williams)... Kontzertuetara etorri den jendeak ezagutzen dituen piezak izango dira”.
Sarrerak Coliseoko leihatilan edo Kutxabank bitartez eskuratu ahal izango dira.