Eibarko Musika Bandak “urteko kontzerturik zailena” emango du domekan

Santa Zezilia serenata eta kontzertua eskainiko ditu asteburuan
Eibarko Musika Bandak “urteko kontzerturik zailena” emango du domekan
2025/11/18 16:54
Ekhi Belar

Santa Zezilia ospatuko da asteburuan, musikarien egun handia. Ohikoari jarraituz, zapatutik domekarako gauean serenata egingo da eta Eibarko Musika Bandakoak kalejiran egongo dira, herritarrek lagunduta, herria musikaz girotzen.

Azken urteetan egin bezala, kantu-paperak banatu dituzte kantuak denen artean abesteko eta pdf formatuan ere eskuratu ahal izango dira. Toki hauetan banatu dituzte kantu-paperak: Trinkete eta Ongi Etorri tabernetan, Coliseoan eta Portalean.

Exijentzia handia

Domekan, azaroak 23, 12:30ean, “oso kontzertu exijentea” eskainiko du Bandak, Andoni Vazquez zuzendariaren berbetan. “Beste edozein kontzertutan, domekan joko dugun edozein obra kontzertu horretako obrarik esanguratsuena edo zailena izango litzateke, eta oraingoan denak kontzertu batean joko ditugu”, azpimarratzen du.

Kontzertua ‘Amparito Roca’ (J. Teixidor) pasodoblearekin hasiko dute, “bere konposizioaren mendeurrenean”. Ondoren, ‘La Revoltosa’ (R. Chapi) piezaren preludioa joko dute eta, gero, Jesus Rioja Bandako tubistak Czardas (V. Monti) joko du solista bezala. “Oso ikusgarria izango da, ez delako ohiko instrumentua solista moduan aritzeko”, Vazquezen ustez. Horren atzetik etorriko dira ‘Danzon nº2’ (A. Marquez), ‘Ouverture 1812 ‘ (P. I. Tchaikovsky) eta Duke Ellington jazzistaren kantuak biltzen dituen moldaketa bat.

Sarrerak Kutxabank bitartez erosteko aukera daude eta, zuzendariaren berbetan, “salmenta oso martxa onean doa”. Horrela, jendearen babesa jasotzea espero dute eurentzat hain berezia izango den ikuskizunean.