Eibarko Musika Bandak urteko lehen kontzertua emango du
2025eko lehen kontzertua emango du Eibarko Musika Bandak Coliseo antzokian, domekan, otsailaren 2an, 12:30ean. Andoni Vazquez Santos zuzendariaren berbetan, “gustu guztietarako ikuskizuna izango da”, pasodoblea, zarzuela, kantata, zinema-musika... entzun ahal izango direlarik.
Bandak ‘Angel Peralta’ (M. Nuñez eta M. Catos) pasodoblea, ‘El barberillo de Lavapies’ (Barbieri) zarzuela, ‘Carmina Burana’ (Carl Orff) kantata, ‘Star Wars: The Force Awakens’ (J. Williams) pelikularen musika-bandaren bertsio “oso polita” eta ‘Mambo greats’ (Arr. S. Bulla) moldaketa joko ditu.
Jendetza Bandaren kontzertuetan
Bandako zuzendariak esan digunez, azken urteotan gorakada egon da bandaren kontzertuetara joaten den jendean. “Coliseon eman ditugun azken bi kontzertuetan, ohiko eserlekuak beteta egon dira eta esker ona adierazi nahi diogu publikoari”, diosku Vazquezek.
Domekako kontzertura joan nahi izanez gero, sarrerak doakoak izango dira eta Kutxabank bitartez edo Coliseoko leihatilan eskuratu ahal izango dira.