Eibarko tailerretan egindako 2.000 piezatik gorako fondoa eman dio Carlos Narbaizaren familiak Udalari
Carlos Narbaiza zenaren familiak Eibarko herriari eman dio haren Fondo guztia: 2.000 piezatik gora, denak Eibarko tailerretan egindakoak. Udaleko Ego Ibarra batzordeak bere webgunean argiratu duenez, "Udalbatzak, irailaren 28an egindako bilkuran, onartu eta eskertu egin zuen Carlos Narbaiza eibartarrak bildutako pieza guztien dohaintza, haren familiak herriari eman eta Museoak kudeatuko duena".
Carlos Narbaiza Durangon jaio zen 1927ko azaroaren 4an. Gerra sasoian, oraindik ume zela, Frantziara eraman zuten beste hainbat umerekin batera. Bueltatu eta 13 urterekin hasi zen lanean; langile fina eta beti ikasteko prest zegoen gizona. Tornulari ona, 50. hamarkadan bere kontura hasi zen lanean eta Eibarren, Muzategi kalean, tailer txiki bat jarri zuen, denborarekin NAI izena hartuko zuena. Mila gauza egin zituzten tailer hartan: patinak, monopatinak, autoendako piezak… Muzategitik Errekatxura aldatu zuen tailerra; handik Legarrera eta, azkenik, Ibur Errekara.
Erretiroa hartu zuenean, 1987. urtean Eibarko tailerretan egindako piezak biltzen hasi zen, Eustakio bere anaiaren laguntza paregabearekin. Hil zen egunera arte (1997) jardun zuen pieza bila; 2000 piezatik gora osatzen dute haren Fondoa, pieza handiak eta txikiak (goldeak, antzinako labadorak, aulki bereziak, giltzak, bizikletak, amuak, damaskinatuak, konpresoreak, laratzak, guraizeak…). Baina hori bai: denak Eibarren egindakoak.
Ego Ibarra Batzordeak aditzeta eman duenez, "XX. mendeko Eibarko 100 enpresa baino gehiago dira Narbaizak egindako lan ikusgarrian islatuta daudenak: Super-Ego, Abelux, Alfa, Laster, GAC, Lomiño, El Casco, ABC… Pieza horiek udal lokaletan egon dira eta daude gordeta, eta Carlos Narbaiza bizi zela eta hark emandako informazioari esker, Ego Ibarra batzordeak inbentario edo sailkapen txiki bat egin zuen bere sasoian".
1996. urtean, Eibarko herriaren 650 urteurrean egindako erakusketan, Portaleko Erakusketa Aretoaren goiko aldea Karlos Narbaizak egindako bildumaren zati txiki bat egon zen ikusgai.
"Eibar zorretan dago Carlos Narbaizarekin: herriko historia industrialaren zati handi baten testigantza utzi digu, gure herria zer izan den eta zer den sekula ez ahazteko", adierazi dute Ego Ibarrako arduradunek.
Ikusi Fondoaren argazki batzuk Ego Ibarrako webgunean (Argazkiak: Narbaiza familia).