Eibarko Udala Basalgoko parke eolikoaren proiektua aztertzen ari da eta alegazioak aurkeztuko ditu
Eibarko Udalak martxan jarri du Basalgo parke eolikoaren proiektuari loturiko informazio- eta entzunaldi-prozesua. Arena Power Solar 10, S.L.U. enpresak sustatzen duen egitasmoa alegazio-epean dago orain, 2025eko urriaren 17an ingurumen-inpaktuaren txostena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu ondoren.
Udalak adierazitakoaren arabera, Basalgo parke eolikoak sei aerosorgailu aurreikusten ditu: hiru Bergaran, bi Eibarren eta bat Soraluzen; sarbide eta obra zibilak Elgetatik egingo lirateke. Dorreak 112 metroko altuera izango lukete, eta palek 85,7 metro (175 metroko diametroarekin). Proiektuak guztira 28 MW-ko potentzia izango luke.
Espedientea ondorengo estekan kontsulta daiteke: https://www.euskadi.eus/iragarkia-basalgo-parke-eolikoa-proiektuaren-aurretiazko-administrazio/web01-a2energi/eu/
Eibarko Udalak nabarmendu du proiektua izapidetzearen ardura Eusko Jaurlaritzaren Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Sailari dagokiola. Alegazio-epea 30 egun baliodunekoa da (urriaren 17tik hasita), eta edozein pertsona edo erakundek alegazioak aurkez ditzake.
Udala espedientea aztertzen ari da eta alegazioak aurkeztuko ditu ikuspegi teknikoarekin, inpaktuak mugatzeko, xehetasunak eskatzeko eta neurri zuzentzaileak proposatzeko. Era berean, alegazio-epea luzatzeko eskatu du, herritarren parte-hartzea errazteko eta espedientearen azterketa sakonagoa egiteko.
Herritarren parte-hartzea bultzatzeko, Udalak bi saio informatibo antolatu ditu azaroaren 13an Coliseo antzokian: 11:00etatik 13:00etara euskaraz, eta 18:00etatik 20:00etara gaztelaniaz. Saioetan proiektuaren edukia, ingurumenean izan ditzakeen ondorio posibleak eta tramite administratiboen hurrengo urratsak azalduko dira.
Udal Gobernuak adierazi du trantsizio energetikoak “energia garbia ekoiztea eta tokiko inpaktuak minimizatzea” eskatzen duela. “Berriztagarriak behar dira, baina erabakiak non, nola eta zein bermeekin hartzen diren kudeatu behar da”, nabarmendu du alkate Jon Iraolak. Hirigintza zinegotzi Luis Vicente Castellanosen arabera, “Eibarren ondorioak izango dituen espedientea hobetzea” da udalaren asmoa.