Eibarko Udalak 205.000 euroko dirulaguntza jaso du Europako Next Generation Funtsetatik eraldaketa digitalari ekiteko
Espainiako Lurralde Politikako Ministerioak Europako funtsak kudeatzeko onartutako Berreskurapen, Eraldaketa eta Erresilientzia Planaren barruan, 2022an, toki-erakundeen Eraldaketa Digitala eta Modernizazioa bultzatzeko dirulaguntzen deialdi bat onartu zen, zenbait lerro finantzatzera bideratua: Herritarrei Zuzendutako Administrazioa, Eragiketa Adimendunak, Datuaren Gobernantza, Azpiegitura Digitalak eta Oinarrizko Zerbitzuen Interoperabilitatea.
Lehenengo proiektua azpiegitura digitalak hobetzearekin lotuta dago (biltegiratze-azpiegitura, sareko elektronika, zerbitzariak eta software-lizentziak berritzea), eta langile publikoei produktibitate handiko tresnak ematea du helburu, barne eraginkortasuna eta efizientzia hobetzeko, erabilgarritasuna optimizatzeko, segurtasuna handitzeko, zerbitzu digital gehiago eta irisgarritasun handiagokoak garatzeko, eta energia aurrezten eta efizientzia handitzen laguntzeko.
Bestalde, bigarren proiektua administrazio elektronikoarekin eta beste administrazio batzuekiko interoperabilitatearen hobekuntzarekin dago lotuta. “Proiektu honen helburua administrazio-gestioaren eraginkortasuna eta efizientzia areagotzea da, herritarrei ematen zaien zerbitzua eta barne-antolaketa eta -funtzionamendua hobetzeko, hori guztia trukatutako informazioaren osotasuna eta konfidentzialtasuna ziurtatuz”, dio Jon Iraola jarduneko alkateak
Bigarren proiektu honen helburuen artean dago herritarren, enpresen eta elkarteen administrazio-kargak murriztea; horretarako, lortu nahi dena da aurkeztu beharreko dokumentu-kopurua txikiagoa izatea edo dokumentuak eta datuak lortzeko beste administrazio batzuetara joan beharrik ez izatea.