Eibarko Udalak 480.000 euroko inbertsioa egingo du Legarreko garajeetako filtrazio-arazoak konpotzeko
Eibarko Udalak 479.752 euroko inbertsioa egingo du Legarre kaleko 8. zenbakian dauden garajeetan hezetasun eta filtrazio arazoei irtenbide “erradikala eta behin betikoa” emateko. Adierazi dutenez, obraren helburua da frontoi eta sarbide gisa erabiltzen den terrazako filtrazioak ezabatzea, azpiko 63 garaje-plazen sabaiei eta hormei kalte larriak eragin baitizkiete azken urteetan.
Azterlan teknikoek baieztatu dutenez, arazoaren jatorria frontoiaren sabaian eta Ego Gaineko sarrera nagusia den terrazan dago: “ Haren diseinuak —ia ez dago maldarik, eta dauden batzuk negatiboak dira— euri-ura behar bezala hustea eragozten du; ondorioz, ura pilatu egiten da, eta dilatazio-junturatik garajearen barrualdera iragazten da. Azaleraren zati handi batek % 0,2tik beherako maldak ditu, eta hori ez da nahikoa ura husteko. Egoera honek kalte nabarmenak eragin ditu garajeko sabaien eta hormen estalduran, eta baita fatxadaren desplazamendua ere Legarre kalerantz”.
Udalak aurreikusten du lanek Legarreko aparkalekuaren segurtasuna eta erabilgarritasuna guztiz berreskuratzea ahalbidetuko dutela, filtrazioen eta hezetasunaren arazoari behin betiko amaiera emanez.