Eibarko Udalak amaitu ditu Eibarko bi haurreskola berrietako obrak

Lokalak Haurreskolen Partzuergoaren esku laga ditu, kudeatu ditzan.
Eibarko Udalak amaitu ditu Eibarko bi haurreskola berrietako obrak
2026/01/30 18:08
Silbia Hernandez Arrazola

Eibarko Udalak jakinarazi duenez, amaitu ditu haurreskolen sarera bideratutako bi lokal berrien lanak, eta orain Haurreskolen Partzuergoaren esku lagako ditu, martxan jarri eta kudeatu ditzan. Adierazi dutenez, “jarduketa honekin, udalerriak garrantzi handiko urratsa eman du haur heziketa goiztiarraren hezkuntza-eskaintza zabaltzeko, eta hazten ari den 0-2 urte arteko umeentzako plaza eskaerari erantzuteko”.
Espazio berriak 90 metro karratu ingurukoak dira, eta Jazinto Olaben, udal ludotekaren ondoan, eta Blas Etxeberrian, Cascoko eraikinaren beheko lokaletako batean daude. Esku-hartze honi esker, datozen hilabeteetan, Eibarrek 40 haurreskola-plaza berri eskaini ahal izango dituela nabarmendu dute. Guztira 463.042,84 euroko inbertsioa egin da obretan, eta Europar Batasunak eta Espainiako Gobernuak finantzatu dute, zerbitzu publikoak bultzatzeko eta kontziliazioan laguntzeko politiken esparruan.
Jon Iraola Eibarko alkateak jarduketa honen garrantzia azpimarratu du:“Obra hauek amaitzean Eibarko familiekin dugun konpromiso argia betetzen dugu. Behin obrak egokituta, instalazio biak Haurreskolen Partzuergoari lagako dizkiogu, martxan jar ditzaten, eta zerbitzua berme guztiekin kudeatu dezaten”.
Iraolak gogorarazi du plaza-eskaria nabarmen igo dela zerbitzua doakoa denetik, eta Vanesa Hortas Hezkuntza Arloko zinegotziak ekimenaren inpaktu soziala nabarmendu du: “Azken hilabeteotan, familia askok adierazi digute beren kezka, plaza faltagatik. Bi lokal berri hauekin premia horri erantzun erreala eta eraginkorra ematen diogu, eta, hala, lana eta familia bateratzea erraztu eta bermatu egiten dugu kalitatezko hezkuntza zerbitzu baterako sarbidea, hasierako etapetatik hasita”, baieztatu du.