Eibarko Udalak edukiontzi marroiaren errekargua kentzea eskatu dio Debabarreneko Mankomunitateari

Eibarko Udalak edukiontzi marroiaren errekargua kentzea eskatu dio Debabarreneko Mankomunitateari
2026/03/27 10:23
Irati Alvarez Malaxetxebarria

Jon Iraola Eibarko alkateak gutun bat bidali dio Ion Zubiaurre Debabarreneko Mankomunitateko lehendakariari, edukiontzi marroiaren erabileragatik ezarritako errekargua indargabetzeko eskatzeko. Udalaren arabera, neurriak polemika handia sortu du herritarren artean.

Gaur egun indarrean dagoen sistemaren arabera, sei hilabeteko epean edukiontzi marroia irekitzeko txartela gutxienez 24 aldiz erabili ez duten etxeek %40ko errekargua ordaindu behar dute. Iraolak azaldu duenez, neurri horrek herritarren kexa ugari eragin ditu, bai jakinarazpenaren formagatik, bai aplikatutako zigor ekonomikoagatik.

Alkatearen hitzetan, “jendea kontra edukitzea ez da bidea”, eta horregatik eskatu du, batetik, Eibarren errekargua kentzea eta, bestetik, hondakinen kudeaketari buruzko eztabaida sakona irekitzea Mankomunitatearen baitan.

Ildo horretan, Iraolak ohartarazi du birziklatze-tasak behera egin duela azken urteetan. Zehazki, 2019an %57,18koa zen tasa Eibarren, eta 2025ean %52ra jaitsi da, ia bost puntu gutxiago. Alkatearen ustez, datu horiek “kezkagarriak” dira, eta egoeraren arrazoiak aztertzea beharrezkoa da.

Horren harira, nabarmendu du ezin direla herritarrak zigortu espero ziren emaitzak eman ez dituzten erabakiengatik, eta alternatibak aztertzeko garaia dela. Besteak beste, kontzientziazio-kanpainak indartzea eta herritarren inplikazioa handitzea proposatu du, birziklatzea sustatzeko.

Azkenik, “eskualde osoan benetan funtzionatuko duen eredu bat” topatzearen beharra azpimarratu du alkateak, herritarren parte-hartzea sustatuko duena eta zerbitzuaren kalitatea bermatuko duena. “Egiten dugunak, herritarrak birziklatzera bultzatu beharrean, haserrea sortzen du —%40ko errekarguaren neurriarekin gertatu den bezala—, eta uste dut beharrezkoa dela jarraitu beharreko bidea aztertzea”, adierazi du Iraolak.