Sasoiko landareak banatuko dituzte doan eguaztenean

Eguerdiko 12:00etatik 13:30era egingo dute banaketa, Bidebarrieta plazan, San Andres ikastetxearen aurrean.
Sasoiko landareak banatuko dituzte doan eguaztenean
2026/11/16 09:58
Irati Alvarez Malaxetxebarria

Eibarko Udalak sasoiko landareak doan banatuko ditu eguaztenean, azaroaren 18an, Bidebarrieta plazan. Eguerdiko 12:00etatik 13:30era egingo dute banaketa, San Andres ikastetxearen aurrean, 21. zenbakiaren parean.

Udaleko lorezaintza zerbitzuak aukeratuko ditu udako lorategietatik kendutako landareak. Eguraldiaren gorabeherak ondoen jasan dituzten eta oraindik hazten jarraitzeko moduan dauden aleak banatuko dituzte, etxeetako balkoi eta terrazetan landatu ahal izateko. Besteak beste, begonia arrosak eta zuriak, tagete laranjak, hainbat koloretako zinia eta ipomeak izango dira eskuragarri.

Ekimenaren bidez, sasoi aldaketarekin udal lorategietatik kentzen dituzten baina oraindik egoera onean dauden landareei beste erabilera bat eman nahi diete. 2023an jarri zuten martxan egitasmoa, ekonomia zirkularra sustatzeko udal kanpainaren barruan.

Banaketa egiten duten bitartean, udal zerbitzuek neguko landareak jarriko dituzte lorategietan, hotzari hobeto eusten dioten espezieekin.