Eibarko Udalak udaletxeko arkuak zabaldu ditu, EAJren udal taldeak eskatuta
Aurreko barixakuaz geroztik zabalik daude udaletxe azpiko arkuak, Udalak albo bietako sarbidea blokeatzen zuten panelak kendu ondoren, “Toribio Etxebarria eta Ego Gain artean oinezkoen mugikortasuna eta irisgarritasuna hobetzeko”. Horrela, herritar askoren eskaerari erantzun nahi izan diote. Ekimena Eusko Alderdi Jeltzalea buru duen Trafiko eta Mugikortasun Sailaren aurrekontuan sartu da. Alberto De la Hoz Trafiko eta Mugikortasuneko zinegotzi arduradunaren berbetan, “ekintza hau jeltzaleek defendatzen duten hiri ereduaren barruan kokatzen da, eta Eibar oinezkoentzat irisgarriagoa, erosoagoa, berdeagoa eta ibilgarriagoa izatea du helburu, mugikortasunari oztopoak kenduz. Ekintza honekin, gainera, Udaleko arkuei argitasun gehiago ematea lortzen da, baita espazio hori aisialdirako topagune gisa egokitzea ere”.
Aurrera begira, beste ekimen batzuk aurreikusi dituzte, hala nola udaletxeko arkupeetako argiztapena hobetzea, egungo instalazioa berrituz, baita lehendik dauden segurtasun-kamerak eguneratzea ere: “Ekintza horien bidez, argi eta segurtasun gehiago emango zaio hiriarentzat hain historikoa eta garrantzitsua den espazio publiko honi. Helburu horiek lehentasunak dira EAJrentzat”, dio De la Hozek.