Eibarko zarata maila nabarmen jaitsi da azken 13 urteetan

Eibarko zarata maila nabarmen jaitsi da azken 13 urteetan
2022/06/08 16:02
eta kitto!
Eibarko Zarata Mapa aurkeztu zuten atzo eta, datuen arabera, eibartarren %7,3k zarata maila handia jasaten du. 2009. urteko azterketekin alderatuz, zarata maila nabarmen jaitsi dela esan daiteke, orduan kopurua %37,7koa zelako. Udalaren berbetan, “horretan lagundu dute, besteak beste, trenbidearen estaldura partzialak, saihesbidea egin izanak edo erdiguneko abiadura-murriztapenak”.

Azterketaren arabera, trafikoari dagokionez, zarata maila altuena duten tokiak, gaur egun, AP-8 autobideak eragindako guneei dagozkie, nagusiki Iparragirre, Fray Martin Mallea eta Urki Kurutzekua inguruetan. Kaleetako bide-trafikoari dagokionez, ostera, Otaolatik Barreneraino doan bide inguruko etxebizitzetan daude, Isasi, Urkizu edo Karmen kaleetatik igaroz, eta baita San Andres kalean ere.

Trenbideari dagokionez, zarata maila altuak atzeman dira gauez, batez ere Ardantza eta Amaña geltokien artean estali gabe geratzen den tokian. Eta industria-jardueraren aldetik, eragina honako lekuetan bakarrik atzematen da: industrialdeetan, Ospitalearen aldean eta Alfa inguruan.

 

Zarata Mapa jendaurrean

Zarata Mapa berria uztailaren 2ra arte egongo da jendaurrean herritarrek aztertu dezaten, Hirigintza eta Ingurumen Sailaren bulegoan. Horrela, mapak bost urtera begirako Ekintza Plan bat egitea planteatzen du, kutsadura akustikoa murritzeko neurriekin.