Eibarren fabrikatutako sei pieza ikusgai dira Bartzelonako Disseny Hub Museoan

Armagintzaren Museoak Delta Trayectoria Saria jaso ostean, Eibarko industria-ondarearekin lotutako sei pieza eraman dituzte erakusketara; irailaren 16ra arte egongo dira ikusgai.
Eibarren fabrikatutako sei pieza ikusgai dira Bartzelonako Disseny Hub Museoan
2026/08/31 12:09
Irati Alvarez Malaxetxebarria

Eibarko industria-ondarearen hainbat adibide Bartzelonako Disseny Hub Museoan ikus daitezke irailaren 16ra arte. Zehazki, Armagintzaren Museoak sei pieza laga ditu ADI-FAD elkarteak antolatutako Delta Sarien inguruko erakusketan.

Armagintzaren Museoak Delta Trayectoria Saria jaso zuen joan den uztailean. Sariak Eiberren industria-ondarearen aberastasuna eta Armagintzaren Museoak ondare hori zaindu, aztertu eta zabaltzeko egindako lana aitortu nahi izan du.

Saria jaso duten eta beste kategorietan hautagai izan diren produktuak eta proiektuak biltzen ditu erakusketak. Uztailaren 22an inauguratu zuten, eta irailaren 16ra arte egongo da zabalik.

 

Hona hemen Eibarko Udalak piezen inguruan argitaratutako informazioa:

SYG markako kalibrea: Altzairu herdoilgaitzezko kalibre hau, Vernier eskalakoa, 12 cm edo 5 hazbeterainoko doitasunarekin neurtzeko tresna da, eta errege-oina ere esaten zaio. Normalean, barneko eta kanpoko diametroak neurtzeko erabiltzen da, erregela arrunt batek ematen duen baino zehaztasun handiagoa baitu. Kalibre hau Txonta 39an zegoen Industrias SYG S.L, Hand Tools Manufacturers, enpresak, 1957an sortuak, egin zuen. Bazkide sortzaileak Felix Gorriti Uncetabarrenechea eta Mauro Sabán izan ziren. 70eko hamarkadan, enpresak kalibreen fabrikazioaren % 95 esportatzen zuen. Bere merkatu nagusiak europarrak ziren (Frantzia, Alemania, Holanda) eta Estatu Batuak. Felix Gorriti 1984an hil ondoren, haren familiak Eibarko enpresari batzuei laga zien enpresa. 1987an itxi zuten behin betiko.

El Casco zorrozkailua eta M-20 grapagailua: Mahai gaineko zorrozkailua, biraderaz eragindakoa, altzairuz eta zamak aleazioz fabrikatuta eta eskuz leunduta. Gerra Zibilaren ondoren, El Cascok mahai gaineko zorrozkailu sendo hau garatu zuen, bulego eta bulegoetako estatusaren sinbolo bihurtu zena.

Grapagailua Serie Desk Tops seriekoa da, eta kolore hauetan fabrikatu zen: gorria, zuria, beltza. 1976an, 1986 eta 1991 urteen artean Euskadiko Diseinatzaileen Elkarteko presidente izandako Guillermo Capdevila Abatte diseinatzaile industrial txiletarrak (1947-1999) sortu zuen. Delrin materialez egina dago, erresistentzia eta gogortasun handiko termoplastiko tekniko erdi-kristalezkoa. Arina eta ia hautsezina da, oso moldakorra, eta horrek lehen mailako material bihurtzen du, altzairuaren antzeko elastikotasunarekin.

Olave, Solozabal y Cía enpresa 1920ko irailaren 27an abiarazi zuten Orbea y Cía enpresako bi langile ohik, Juan Olavek eta Juan María Solozabalek. Hasiera batetik "Smith & Wesson" motako errebolberren fabrikazioan zentratu zen. 1930ean, "Olave, Solozabal y Cía" enpresak armagintza-jarduera alde batera utzi eta bulegoko materiala fabrikatzeari ekin zion: grapagailuak, zorrozkailuak, zenbakitzaileak eta idazmahaiko objektuak, nazioartean ospe handikoak.

Irazola bihurkina: Bihurkina eskuzko tresna erraz bat da, torlojuak estutu eta askatzeko maniobra erraz bat egiteko balio duena. Hainbat formatako altzairuzko kirtena eta hagaxka ditu, erabili beharreko torloju-motaren arabera. Irazola enpresan ohikoa zen hagatxoak molibdeno-banadio-aleakziozko altzairuzko barretatik abiatzea; ondoren, barra horiek  tratamendu termiko egokia jasotzen zuten,eta, azkenik, azaleko tratamendu termikoa ematen zitzaien. Hagaxka horiek ere punta beltzarekin kromatu ziren. Irazola enpresa Victoriano Irazolak sortu zuen 1924an, eta bera izan zen zuzendaria. Haiseran Legarren kokatu zen eta geroago, beste kokaleku bat izan zuen Ubitxa kalean, 1988an Soraluzera joan aurretik. Industriarako produktu osagarriak eta beirazko kafe-makina ezaguna egiten hasi zen. 1950eko hamarkadan, bere marka duen artikulu bat sortzeko lehen urratsak eman zituen: bihurkina. Alfa eta Sigma enpresek, besteak beste, Irazolako egurrezko kirtena zuten bi bihurkin txiki beren taldeetan sartzea erabaki zuten. Aurrerago, Lambretta motor-fabrikatzaileak eta Seatek ere tresna hori eskatu zuten. Efektu hori berehala hedatu zen burdingintzaren sektorera, eta, horren ondorioz, Irazola enpresa Milioika bihurkin bakarrik egiten ditugu esaldiarekin egin da ezagun. 2011z geroztik, Irazola, Gipuzkoako Irimo eta Palmera eta Gasteizko Acesa enpresekin batera, Suediako Bahco marka historikoaren kide bihurtu zen.

JAZ Zubiaurre eskuila: Eskuila metaliko hauei alanbrezko eskuila, zurdazko eskuila metaliko edo oxidorako eskuila ere deitzen zaie. Zurdaz edo alanbre metalikoz osatutako erremintak dira, oinarri solido baten gainean finkatuak, eta oinarri hori metalezkoa edo egurrezkoa izan ohi da. Metalezko alanbre horiek lodiera eta luzera desberdinak izan ditzakete, eta higadurari eta tenperatura altuei aurre egiteko diseinatuta daude. Enpresa Eibarren sortu zen 1924an, hortz metalikoko eskuilak, nylon urratzaileko eskuilak eta gainazalak tratatzeko tresnak egiteko eta saltzeko. Domingo Zubiaurre izan zen enpresaren sortzailea. Hainbat kokapen izan ditu enpresak, baina gaur egun Azitaingo industrialdean dago. 70eko hamarkadan, enpresa kanpoko herrialdeetara zabaltzen hasi zen, eta Alemanian eta Ameriketako Estatu Batuetan saltzen hasi ziren. 1999an Estatu Batuetan finkatu zen, eta gaur egun han sortzen du fakturazio osoaren erdia baino gehiago. Duela gutxi, enpresak trantsizio-prozesu bati ekin dio, eskuila metalikoen fabrikatzaile izatetik gainazalen tratamendu-soluzioetan aditu izatera igarotzeko, Jaz Surface Experts marka berriarekin.

BOJ sakakortxoa: David Olañetak diseinatu zuen 1932an eta BOJ enpresaren ikonoetako bat da. Milioika pieza saldu dira 90 urte baino gehiagotan, 31 herrialdetan. "Buho" ezizenarekin ezaguna, Espainiako diseinu industrialaren historiako 250 objektu garrantzitsuenetako bat bezala katalogatua izan da eta 1998an Madrilgo Reina Sofía Museoan ikusgai egon zen. 1905. urtean, Manuel Barrenechea, Bernardo Olañeta eta Vicente Juaristi eibartarrek BOJ enpresa sortu zuten. 1932-33 urteetan, kooperatibetako ekonomatuetan erabiltzen ziren txanponak fabrikatzen jardun zuen enpresak. Estanpazioan zein burdindegiko publizitatean erabiltzen zen xafla-ebakitzaile bat ere patentatu zuten urte haietan. Orduan hasi ziren palanka bikoitzeko sakakortxoa egiten, BOJen historiako piezarik esanguratsuenetako bat.