Armagintzaren Museoak 2026ko Delta Cultura Saria jaso du
Eibarko Armagintzaren Museoak 2026ko Delta Cultura Saria jaso zuen atzo, uztailaren 22an, Bartzelonan egindako ekitaldian. Delta sariak diseinu industrialaren arloko Espainiar Estatuko aitortzarik garrantzitsuenetakoak dira. ADI-FAD elkarteak ematen ditu bi urtez behin, eta aurten Armagintzaren Museoa saritu dute Eibarko industria-ondarea urte luzez zaintzen, ikertzen eta ezagutarazten egindako lanagatik.
Epaimahaiak nabarmendu du museoak ez dituela industria-piezak bakarrik gordetzen; Eibarko industria-iragana eta herriaren nortasuna ere ezagutarazten dituela, eta ondare hori gaur egungo diseinuarekin lotzeko egiten duen lana ere goraipatu du.
Saria jasotzeaz gain, Armagintzaren Museoa Delta Liburuan jasoko dute, eta Delta Sarien 2026ko erakusketan ere izango da, Bartzelonako Museu del Disseny museoan. Horri esker, Eibarko industria-historia eta ondarea nazioartean ere ezagutarazteko aukera izango du.
Jon Iraola alkatearen esanetan, sariak erakusten du Eibarko industria-ondareak tokiko esparrua gainditzen duela. Andoni Zabala Kultura zinegotziaren ustez, berriz, saria omenaldia ere bada Eibarko garapen industriala posible egin zuten belaunaldientzat eta ondare hori zaintzen jarraitzen duten guztientzat.