Eibarsax jaialdiaren antolatzaileak pozik daude izaten ari den harrerarekin

Gaur, jaialdiaren kartel-buruak joko du, Arno Bornkampek
Eibarsax jaialdiaren antolatzaileak pozik daude izaten ari den harrerarekin
2025/07/10 13:04
eta kitto!

Domekan hasi zen Eibarsax nazioarteko jaialdia “demaseko erantzuna” izaten ari dela esan digute antolatzaileek. “Jendeak esan digu hodei batean bezala sentitzen direla. maila horretako jaialdiaz Eibarren bertan gozatzea luxua dela”, Xabier Oruesagastiren berbetan.

Orain arteko kontzertuetan 100 lagun inguru elkartu dira, “batzuetan 130 ere”, eta oraindik jaialdiaren zati erakargarriak falta dira, tartean Arno Bornkamp saxofonista handiak gaur emango duen kontzertua.

Bornkampen ikuskizuna 20:00etan hasiko da, Azitaingo elizan. Askorentzat munduko saxofonista onena da nederlandarra eta, Oruesagastik esan digunez, “kontzertu berezia eskainiko du”, berak sortutako ‘Saxophone Sonatas’ disko “mitikoak” 35 urte betetzen dituen honetan.

 

Gelditzen diren kontzertuak

Bihar, hilak 11, 20:00etan, Azitainen, Hezkuntza Esparruan sorkuntza-egonaldia egiten arituko diren ikasleen esku egongo da emanaldia. Eibarsaxeko ikasleek Tobias Borsboom pianistaren laguntza jasoko dute eta euren talentua deskubritzeko aukera izango da.

Azken egunean, 12an, saio bikoitza izango dugu. 12:30ean, Azitainen, Tobias Borsboom pianistak “musika-oasi” bat eskainiko du, Oruesagastik esan digunez. “Ravel eta Godowskyren obrak joko ditu goizerako girotutako kontzertu labur eta argitsuan”. Eta amaitzeko, 19:00etan, udaletxeko arkupeetan, Eibarsaxeko ikasle eta irakasle guztiak igoko dira oholtzara jaialdia borobiltzeko, Bornkamp pieza batean bakarlari izango delarik.

(Argazkiak: Maitane Campos)