Saxofoi doinuek girotuko dute herria datorren astean Eibarsax jaialdiarekin
Eibarsax saxofoiaren nazioarteko jaialdia izango dugu herrian hilaren 6tik 12ra. Astebetez saxofoia izango da protagonista handia Eibarren eta bertan bilduko diren musikari eta artistek musika-tresna honek duen aberastasuna lagako dute agerian. Xabier Oruesagasti eibartarra dugu honen guztiaren atzean, bera izan baita ekimenaren bultzatzaile nagusia.
Musikari eibartar askok bezala, Oruesagastik Eibarko Musika Eskolan hasi zuen bere ibilbidea eta Ustekabe txarangan sartu zen oso gaztetatik. Azkar iritsi zitzaion fanfarreko presidente izateko ardura ere, saxofoiarekiko zuen pasioa hazten zen bitartean. Hortik bideratu zituen ikasketak eta 2019an Amsterdamera joan zen masterra egitera. Arno Bornkamp maisu handia ezagutu zuen han eta bertan erein zen Eibarsaxen hazia.
Oruesagastirentzat, “Arno Bornkamp munduko saxofonista klasiko onena da”. Maisu handia izanik ere, urte hauetan eduki duten harreman estuari esker (“nire etxetik metro batzuetara bizi da”, esan digu Oruesagastik) lagun bihurtu da eibartarrarentzat eta hark eman zion nazioarteko jaialdia Eibarren egiteko bultzada. Erronka ez da makala izan eta, Juana Palop valentziarraren laguntzarekin, hemen dugu Eibarsax.
Doako zortzi emanaldi
Antolakuntza lanetan ibili dira, baina ezin albo batera laga musikari handiak direla eta hiruren arteaz gozatzeko aukera izango dugu egun hauetan, beste hainbat artista handirekin batera. Izan ere, hilaren 6tik 12ra zortzi ikuskizun eskainiko dituzte, guzti-guztiak doan. Beraz, aforoa bete arte, edonor sartu ahal izango da ikuskizunez gozatzera (iraupena 45 eta 60 minutu artekoa izango da).
Lehen kontzertua Oruesagastiren eskutik helduko da, hilaren 6an, 20:00etan, Portaleko erakusketa gelan. Eibartarrak Catarina Paiva dantzaria izango du lagun eta proposamen berezia ekarriko digute, zuzenean sortuko den musika eta koreografiak eskainiko baitituzte, “batak bestea zapaldu barik, formatu berri, poetiko eta zuzena sortuz”, Oruesagastiren berbetan.
Hilaren 7an, 20:00etan, Azitaingo parrokian Xavier Larsson arituko da, Suediako Errege Operako bakarlaria. “Oso saxofonista birtuosoa da, oso berezia”, eibartarraren berbetan. Kontrastez betetako kontzertua izango dela aurreratu digu eta, jotzeaz gain, abestu ere egingo duela.
Hurrengo egunean, ordu eta toki berean, Juana Palop egongo da. “Eszenako magnetismoagatik ezaguna, lirismoz eta edertasunez beteriko kontzertua eskainiko du. Programa goxo eta dotorea, belarria goxatzeko eta lasaitasunez entzuteko”, Oruesagastiren ustez.
Hilaren 9an Portaleara joko dugu berriro, Sara Zazok ikuskizun berezia eskainiko baitu 20:00etan. Saxofoia eta elektronika uztartuko ditu Madrilen jaio eta Badajozen hezi den saxofonistak.
Eibarsaxen kartel-burua ikusteko aukera hilaren 10ean iritsiko da. Azitainen, 20:00etan, Arno Bornkamp zuzenean entzuteko aukera izango dugu eta, Oruesagastik esan digunez, “kontzertu berezia eskainiko du”, Bornkampen ‘Saxophone Sonatas’ disko “mitikoak” 35 urte betetzen dituen honetan.
Hilaren 11n, 20:00etan, Azitainen, Hezkuntza Esparruan sorkuntza-egonaldia egiten arituko diren ikasleen esku egongo da emanaldia. Eibarsaxeko ikasleek Tobias Borsboom pianistaren laguntza jasoko dute eta euren talentua deskubritzeko aukera izango da.
Azken egunean, 12an, saio bikoitza izango dugu. 12:30ean, Azitainen, Tobias Borsboom pianistak “musika-oasi” bat eskainiko du, Oruesagastik esan digunez. “Ravel eta Godowskyren obrak joko ditu goizerako girotutako kontzertu labur eta argitsuan”. Eta amaitzeko, 19:00etan, Errebal Plazan, Eibarsaxeko ikasle eta irakasle guztiak igoko dira oholtzara jaialdia borobiltzeko, Bornkamp pieza batean bakarlari izango delarik.
Sormen-egonaldia
Aipatu bezala, Europako toki ezberdinetatik etorritako musikari gazteek sormen-egonaldia egingo dute Hezkuntza Esparruan hilaren 6tik 13ra. Bertan, Eibarsaxeko artista gonbidatuak izango dituzten irakasle (saxofonistak eta baita Catarina Paiva dantzaria ere) eta ikasleek gorputz-soinu tailerrak jasoko dituzte, ganbera entseguak izango dituzte eta artista handiekin solasaldi irekiak egiteko aukera izango dituzte.
Zentzu horretan, eta kontzertuak eskainiko dituzten artistekin gertatzea nahi duten bezala, Eibarsax saxofonista gazteentzat erreferentziazko gune bihurtzea nahi dute. Horretarako, musika-tresnak perfekzionatzeko, sormena eta ikuspegi artistikoa lantzeko, eta musika sortzearen esanahiaren inguruan hausnartzeko aukera eskainiko dute, besteak beste.
Era berean, eibartarrei aukera eman nahi diete saxofoiaren mundua hobeto ezagutzeko eta berarekin konektatzeko. “Eibartarrak protagonista sentiarazi nahi ditugu. Horrela, kontzertuen amaieran musikariak bertan egongo dira eurekin solasaldia egiteko aukera emanez. Ikusiko dute, musikari handiak izateaz gain, pertsona arruntak eta oso jatorrak direla”, diosku Oruesagastik.