Eibarsax nazioarteko saxofoi jaialdia egingo da uztailaren 6tik 13ra

Askorentzat munduko saxofonista onena dena arituko da Eibarren: Arno Bornkamp
Eibarsax nazioarteko saxofoi jaialdia egingo da uztailaren 6tik 13ra
2025/06/30 12:59
eta kitto!

Uztailaren 6tik 13ra saxofoia izango da protagonista Eibarren. Saxofoia bere arlo guztietan, mota askotako ikuskizunak eskainiko baitituzte maila goreneko hainbat saxofonistak, tartean Arno Bornkampek, askorentzat munduko saxofonista onena denak. Horrez gain, Europatik etorritako zortzi ikaslek sorkuntza-egonaldia egingu dute Hezkuntza Esparruan.

Bornkamp ondo ezagutzen du Xabier Oruesagasti eibartarrak, 2019an Amsterdamera joan baitzen maisua handiarekin ikastera. “Gaur egun elkarrengandik metro gutxitara bizi gara”, azaldu du Oruesagastik gaur goizean egin den prentsaurrekoan, eta harreman estu horretatik piztu zen Eibarsax-en hazia. “Berak animatu zidan horrelako zerbait Eibarren antolatzera eta bere laguntza ezinbestekoa izan da Eibarsaxen garapenean”, azpimarratu du eibartarrak.

 

Zortzi kontzertu, doan

Bornkampez gain, Juana Palopen laguntza ere nahitaezkoa izan da Oruesagastirentzat, eta bera izango da egun horietan eskainiko den kontzertuetako baten protagonista. Guztira, zortzi kontzertu egingo dira, denak doan:

  1. Uztailaren 6an, 20:00etan, Xabier Oruesagastik eskainiko du Catarina Paiva dantzariak lagunduta, Portaleako areto nagusian.
  2. Uztailaren 7an, 20:00etan, Azitaingo elizan, Xavier Larsson Menorcako saxofonista birtuosoak proposamen abangoardista eskainiko du.
  3. Uztailaren 8an, 20:00etan, Azitaingo elizan, Juana Palopek ‘Presencia lirica’ saioa eskainiko du, indar lirikoa erakutsiz.
  4. Uztailaren 9an, 20:00etan, Portalean, Sara Zazok saxofoia eta musika elektronikoa uztartuko ditu.
  5. Uztailaren 10ean, 20:00etan, Azitaingo elizan, Arno Bornkamp maisu handia zuzenean entzuteko aukera egongo da.
  6. Uztailaren 11an, 20:00etan, Azitaingo elizan, Hezkuntza Esparruan egongo diren ikasleen kontzertua egingo da.
  7. Uztailaren 12an, 12:30ean, Azitaingo elizan, musika ganberan ibilbide goratua duen Tobias Borsboom piano-jole nederlandarrak emanaldia eskainiko du.
  8. Uztailaren 12an, 20:00etan, Eibarko erdigunean, jaialdiko irakasle eta ikasleen kontzertu bateratua.