Eibartarrak gaur zabaldu den Ferroforma/Bricoforma azokan
Gaurtik hasita eta barixakura arte (hilaren 15era arte), Barakaldoko BEC erakustazokan 20. Ferroforma / 5. Bricoforma azoka egongo da martxan 1 eta 3 pabilioietan, sektoreko berritasunak eta bestelakoak aurkeztera joandako enpresa ordezkaritza zabalarekin. Eibartik hiru enpresak dihardute azokan parte-hartzen: Urko Tools, Danffor eta JAZ Zubiaurrek.
Bestalde, aurten Ferroformaren 20. urtemuga betetzen denez, hori ospatzeko berritasunak gehitu dizkiote egitarauari: Ferroforma/Bricoforma Sariak banatuko zaizkie burdineria, brikolaje eta hornidura industrialaren sektoreetako produktu berritzaileenei; 20. urteurreneko sariak, berriz, azokaren 20 edizioetan parte hartu dutenei emango zaizkie; eta azokan parte-hartzen dihardutenen artean Presentziarik onenerako sariak ere banatuko dituzte; horiekin batera, jardunaldi teknikoak antolatu dituzte, "nazioartekotzean, garapen bidean dauden herrialdeetarako esportazio/inportazioen sakontzean eta negozioaren kudeaketan hobetzean laguntzeko".